GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

DONOSTIKO ZINEMALDIA

Makillajea? Bai, eskerrik asko

Zimurrak denbora batez estali daitezke, baina azkenean  beti gailentzen dira

p040_f01_188x104.jpg

Oihana LARRETXEA |

Karmele Solerrek zerikusi handia du Donostiako Zinemaldiko izarrek aurpegi onena erakustearekin.  Alfonbra gorria zapaldu aurretik, aktore nahiz aktoresak bere eskuetatik igarotzen dira ezaugarri batzuk estali eta beste batzuk azpimarratzeko.

Donostiar honek hogei urte darama makillajearen mundu zabalean eta nagusiki bere zeregina telebistarekin lotuta dagoen arren, orain bi urte Zinemaldiko antolaketak bera aukeratu zuen jaialdiaz arduratu zedin. «Lan ordu amaigabeak diren arren –azaltzen du– eta erritmoa bizia den arren, merezi du bizipenak».

Taldeko lana oso garrantzitsua dela azpimarratzen du, bakar batek ezin duelako leku guztietara iritsi. «Iciar Arrieta ileapaindegiaz arduratzen da eta ni makillajeaz. Gainontzeko lankideekin batera beharra banatzen dugu: beti dago prest makillatzaileren bat edozein aktorek ezer beharko balu». Aktoreak Mari Cristina Hotelean apaindu eta handik Kursaalera abiatzen dira aurkezpenak egitera baina Soler haratago doa eta bertara gerturatzen da ileapaintzaile batekin batera suertatu daitekeen edozein kontrakotasun konpontzeko. Aktorea ispiluaren aurrean eseri eta lehenengo urratsa aurpegiko forma aztertzea da. Ondoren, azaltzen du, bi erabaki hartu beharra daude: zein den gailendu nahi den ezaugarria eta bestetik zer den estali nahi dena». Lehen ohar hauek kontutan hartuta, azala margotzeari ekiten dio, bere iritziz, bekainekin batera elementu garrantzitsuena baita honakoa. Gainontzekoaren segida profesionalaren arabera ezberdina den arren, margotzen den azkena ezpainak izaten dira.

«Zimurra ederra da» esan du adina eta akatsak aipatu direnean: «Badaude aurpegi batzuk –azaltzen du Solerrek– ukiturik gabe ederragoak daudenak, batez ere adindun gizonezkoengan gertatzen da hau. Ez margotzea margotzea bezain baliagarria izan daiteke askotan». Aktore zein aktoresek badakite begirada guztiak haiengan zuzentzen direla zein jantzi dituzten edo nolako orrazkera duten ikusteko, eta horregatik gehienek naturaltasuna eskatzen dute Karmeleren eskuetan jartzen direnean, eta hala dio: «Makillaje sinplea eta aldi berean ederra dena gustatzen zaie». Alfonbra zapaldu ez, baina bere burua makillatzen duenarentzat pare bat aholku: produktua neurrian eta behar den lekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo