GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Amets egin dut

Amets egin dut. Nik ere. Ametsean Lakuako Barne sailburua ordenadoreko pantailaren aurrean jesarrita zegoen, eskuineko eskuaz sagua lepotik estutzen zuela. Mahaiaren gainean, izkina batean, euskarazko hiztegi-liburuaren bizkarra igarri dut, gainean turkiera ikasteko hamaika gramatika liburu zeudela. Urduri ageri da sailburua ametsean, inguruko botoi guztiak dinbi-danba sakatzen. Derrepentean, oihu egin du: «Hemen da! Hementxe! Topatu dut! Azkenik! Eureka!». Tira, egia esan ez da hori entzun dudana, marmar moduko berbaera arraroa baizik, baina nire ametsean irudiek halakoetan euskarazko azpitituluak dauzkate eta horrexegatik dakit dakidana. Bai, poz-pozarren zegoen tipoa, webgune batean zen sartua eta hara! argazkiak harrapatu! horietan seniderik ageri ez bazen ere familia-argazkiak ziren, dudarik gabe. Eskuineko eskua askatuta, sagua zerraldo utzita, telefonoa hartu eta agindua eman die bere tropei familia hura atoan sakabanatzeko, neurriko neurrian sakabanatzeko beti ere, hainbeste jende biltzeko baimenik ez zutelakoan. Pittsburgen egunotan ateratako famili argazkiak ziren web orrikoak, G20ko familiarenak. Eta hauxe kolpea! kontatzen hasi eta G20ko familian hogeita hamabi pertsona kontatu ditut nik, ametsetik atera gabe prentsa eskuan komunean nintzela. Hirutan kontatu dut, badaezpada, eta hirurotan berdin, hogeita hamabi pertsona, beraz ez dut batez bestekoa atera behar izan. Total, hain dira zabalak ametsetako bide-orriak non sailburua bazter utzi eta G20koen bidetik abiarazi nau ametsak. Donostiak egunotan galdu duen glamourra Pittsburgera joan da, edo hobeto esanda, eraman dute, fardel-expressez eraman ere, gailurra egin dutelako han G20ko horiek. Lehengo G8a oraingo G20 bihurtuta, nahiz eta argazkietan G32 izan. Zeinek ulertu? Jainkoak bai ote? Krisiaren gaineko gailurra izan da, oxigenoa berrartzeko eta gerora begirako base-kanpamenduak burbuila toxikoen oldeetatik babesteko moduez hau edo bestea adostekoa. Munduko ekonomiaren gidaria nahi dute izan horiek, eta jelkideek Euskadin argazkian izateko irrikitan kantuka dabilzkie hemendik: eusko gidariak gara! Baina ez, krisia ez da behingoz gaindituko G horren zenbakia planetan diren herri guztiena bera izan arte, eta orduan famili-argazkia Meteosatetik atera beharko dute, gaurko inongo sailburuk ez baitu izango behar beste zabal den zooma.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo