GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Nestor Esteban Scaloni Euskal Herrian Euskarazeko kidea

«Reality show»-ak, telesailak... Euskal Herri euskaldunaren garaia!

 

Udazkena iristearekin batera reality showak ditugu berriro ere mintzagai. Batzuk berriak, eta beste batzuk hamaikagarren edizioa betetzen dutenak, formatuz eta edukiz aldatu ezean astunak bihurtzen direnak oso.

Horietako reality show bat dugu Nafarroako Parlamentuko Ley del Vascuencearen inguruko «eztabaida»: iazko lehenengo edizioan, Himalaiara oporretara joan zen parlamentariak hartu zuen protagonismo osoa -bidaia horren ondorioz Ley del Vascuencea bere horretan mantendu zen-; bigarrengoan, UPNren eta PSNren arteko zirriek PSNren iritzi aldaketa ekarri zuten -zonalde mistoa lau herri gehiagora zabaltzearen proposamenak bigarrenean ere ez zuen aurrera egin-; eta orain, hirugarren edizioan (denbora tarte horretan Nafarroako Gobernuak ikerketa soziolinguistikoa egin du), Nafarroako Ezker Batua zonalde mistoa bederatzi herri gehiagora hedatzeko asmo-proposamenarekin etorri zaigu.

Lau, bederatzi.... betiko leloaren betiko leloa! Parlamentariek euskara dute hizpide (ez euskaraz noski), itxuran beti aldaketaren bat planteatzen dute, baina sakonean ezer ez. Parlamentuko eztabaida hamaikagarrenez antzua izan da, euskarari jarri beharreko mugaz besterik ez baita hitz egin, inondik inora euskaraz bizi ahal izateko eman beharreko erroko aldaketa juridiko eta politikoez.

Hogeita hiru urte pasa dira euskaldunoi lege arrotz hau ezarri zigutenetik, eta egun ezin gara euskaraz bizi haiek adostutako zonifikazioaren edozein zonaldetan bizi garelarik ere. Okerrena alderdi politiko guztiek, horrenbeste urte pasa eta gero, legeari zilegitasun osoa ematen diotela da; irudikatu eta sinestarazi nahi digute egun Euskal Herriak eta euskarak bizi duten zatiketa administratibotik eta hauetatik eratortzen diren Ley del Vascuencea bezalako sasi-legedien garapenetik, euskaraz bizi ahal izatea posible izango dela. Hau da: Ley del Vascuencea euskaldunontzat onuragarria eta baliogarria izan dakigukeela; sorreran euskara eta euskaldunon hizkuntza eskubideak mugatzeko lege-muga izan zela, eta oraindik egun horrela dela, ehuneko ehunean ahaztuz.

Nafarroako Gobernua, hala ere, aspaldi konturatu zen gizartean reality show honek arrakasta galdu duela, euskal komunitatea neka-neka eginda dagoela, sasi-legeak sinesgarritasunik ez duela... eta beraz, gabezi horiei guztiei aurre egiteko, telesail berritu bat izanen dugu aurki: Euskarabidearen 2009-2012rako Plan Estrategikoa. Helburua: orain arteko hizkuntza politika etnozidarekin modu sibilinoan jarraitzea zein euskaldun eta euskaltzaleen asimilazio eta desaktibazio prozesuan urrats berriak ematea.

Euskarabidea ez da fama hobea izan duen telesaila, hasieratik zalantzak, gabeziak eta promesa faltsuak besterik ez baititu erakutsi. Baina oraingo honetan eraberriturik dator, eta horrela irudikatu nahiko dute hurrengo egunetan eginen duten plan estrategikoaren aurkezpenean: ahotsak, Xabier Azanza txotxongiloarena izaten jarraituko du; gidaria, Perez-Nievas beti bezala; berrikuntza nagusia, aurkeztuko duten Euskarabidearen 2009-2012 Plan Estrategikoak, Euskararen Nafar Kontseiluaren aldetik izanen duen onarpen eta babesean egonen da, protagonista berrien inplikazioan (gogoratu Euskararen Nafar Kontseiluaren osaketan, Nafarroako Gobernuaren ordezkariez gain, euskalgintzako hainbat eragile, eta euskara eta euskal kulturaren pertsona erreferente ezberdinak daudela).

Plan Estrategiko horrek Ley del Vascuencea oinarri eta abiapuntu izanen du, eta Euskararen Nafar Kontseiluaren babesa jasoz gero, euskalgintzako hainbat eragile eta euskaltzaleen onarpena ere lortuko du, Vascuencearen legearen zilegitasuna eta baliagarritasuna alderdi politikoetatik harago eramanez, gizarteko hainbat sektore euskaltzaleetara hain zuzen ere, UPN-CDN hasieran aipatutako helburuetatik hurbilago egonik. Beraz, «euskaltzalez» osaturik, hobeto makilaturik, arriskutsuagoa izan daitekeen iruzur berri baten aurrean gara. Hori da laster aurkeztuko diguten telesail berria.

Argi daukagu zein asmo ezkutatzen den Ley del Vascuencearen atzean, eta Euskarabidea-ren Plan Estrategikoaren atzean: administrazioaren aurpegia zuritzea, euskalgintza neutralizatzea eta euskararen galera eta euskaldunon asimilazio prozesua azkartzea. Garaia dugu, beraz, herri euskaldunean sinesten dugunok, helburu etnozida daukaten egitasmo, politika eta lege ezberdinen aurrean gure jarrera tinko azaltzeko. Sarri xamar entzun dugu azken garaiotan euskaldunon jokabide aldaketa bultzatu behar dugula bizi dugun hizkuntza sumisioa gainditzeko; horrekin batera, ordea, ezinbestekoa izanen da, asimilazio prozesua gelditu nahi badugu behintzat, herri euskalduna helburu ez duten iruzur ezberdinen egi eta gezurrak argi eta garbi azaltzea. Gainontzean gu geu bihurtuko gara geure buruaren borrero.

Asimilazio prozesua gainditzeko, herri euskaldunaren alde indarrak bildu eta aktibatzeko garaia iritsi da. Eskubide pertsonaletatik harago, euskararen herriari dagozkion eskubide kolektiboen alde indarra egiteko garaia iritsi da; norbanakoon autodeterminazio ariketa oinarri izanik, herri euskalduna eraikitzeko ezinbesteko diren lege eta politikak geuk erabakitzeko eskubidea gaurdanik aldarrikatuz. Esperientzia eta adibideak hamaika, azkenetarikoa iaz lorturikoa Noain herrian (politikarien zonifikazioaren arabera zonalde ez vascofonoan kokaturik): herritarren borrokari esker irekitako D ereduko ikastetxea. Hau da gure determinazioa, hau da gure apustua, urte askotan herri mugimenduak lortutako aurrera pausuen arrazoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo