GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Luis Bilbao Larrondo Historialaria

Guggenheimen ondoren, zer?

 

Agidanean, Bilboko Udalak une honetan bere hirigintza-plangintza berriz aztertzen dihardu, eta ameskeria hau puri-purian dagoela esan dezakegu. Gerokoari begira, hirigintza-politika berria zazpi ahalak egiten, hots: garraio publikoak bultzatzen, autoak gero eta gutxiago erabiltzen -hiriaren barruan-, hiria oinezkoentzat egiten, etxebizitza soziala indartzen, gune berde gehiago jartzen, eta abar. Azken batean, hiria atseginagoa egin nahian. Amets ederra irudiz, baina ikusiko dugunez, bere funtsean egia faltsutzea besterik ez litzateke izango: «Gezurra errazago harrapatzen da ezen ez maingua».

Azkenaldian ere arrunta bilakatu da bilbotarron artean ezjakintasun izugarritzat hartzea bere hiriari buruzkoa. Alabaina, historialarioi dagokigu ez bakarrik ahanzturatik berreskuratzea, baizik eta, era berean, tresna bidezkoena lortzea ahalik eta ondoen konprenitzeko atzean utzitako errealitateak. Kasu honetan, ikusitakoak ikusita, horrelakorik aurrerantzean gerta ez dadin.

Erranak erran, Bilboko hirigintzari dagokionez, gomutatu dezagun demokrazia berreskuratu baino lehen eragin nabarmenak eta desberdinak izan zirela: bata AEBena eta bestea Erresuma Batuarena. Lehenik eta behin, azpimarratu beharko genuke Lequericak eta Areilzak (Neguriko enpresarien eta bankarien ordezkariak) AEBetan eman zutela, enbaxadore gisan, XX. mendeko 50eko hamarkada. Haien erdiespen ezagunena AEBen eta Espainia frankistaren artean 1953an egindako laguntasun ituna izan zen. Ekinaren ekinez, berbarako, Bilboko Industrial Bankua sortu zen, edota Westinghouse eta US Stell enpresak Bizkaian jarri ziren. Ordurako AEBetatik Espainiarantz zihoazen inbertsioen erdiek baino gehiagok Bilbo aldera jo zuten. Orobat, Javier Ybarrak -Bilboko alkatea- Philadelphiara bidaia egin eta gero, handik ekarritako proiektua, banako aparkalekua, eredutzat hartu zuen Bilbo eraldatzeko. Egun batetik bestera, hainbat teknikari bilbotarrek ere bidaia egin zuten ikerkuntza egitera: Eugenio Aguinagak edota Felix Iñiguez de Onzoñok, besteak beste. Urteak joan urteak etorri, Aguinagak Zabalburuko Shopping Center egitasmoa azaldu zuen, edota Bizkaiko Bankua egiteko -Bilboko zabalgunean- Enrique Casanueva eta Jaime Torres arkitektoek New Yorketik ekarritako proiektua proposatu zuten. Bestalde, Torrontegui laborategia -Bilboko Ingeniari Eskolan- AEBetako diru emateei esker jaio zen eta laguntza horiei esker egin zuen aurrera; Erakustaldi Azoka (enpresari frankisten ezaugarria) ere AEBetako eskarmentuaz baliatu zen. Azken finean, Bilboko agintariek kontsumo-gizartea bultzatzea baino ez zuten xedetzat. Guztiaz ere (Franco hil ondoren), Bizkaiko Arkitekto Elkargoak argi utzi zuen: frankismoaren hirigintza oinordetza hondamen ikaragarria izan zen, batez ere AEBetakoaren indarragatik. Harrezkeroztik, hiri-kontzeptua aldatzen ahalegindu zen, egiaztatuko dugun gisan.

1975tik 1977ra, hainbat hirigintza ikertzaile, Erresuma Batukoak hain zuzen ere (Peter Hall, Gerald Manners edota McKinterick, besteak beste), Bilbora etorri ziren asmo argi batekin. Hain zuzen ere, ideia nagusi bat sustatzea: hiri industrial izatetik zerbitzu-hiria izatera igaro beharko zuen Bilbok bizirik irauteko (birmoldaketa industriala eginez gero). Gure agintariek helburu berriak erdietsi nahi zituzten, gerta ala gerta: Londresko County Council-ena (etxebizitzak birgaitzeko politika ezarri nahian), Applied Research of Cambridge-ena (Bilbo Handian eredu matematikoaren bidez hirigintza politika egiteko), edota Oxford Polytechnic-ena (Bilbo Handiaren aitzinean hiri ertainaren ideia irudikatzeko). Gainera, 1979an EAJri Bilboko hirigintzaren deskalabruari irtenbidea aurkitzeko Londresko hirigintza-politika mahaigaineratzea tamainan zetorkion hauteskunde-propaganda moduan. Aldi berean, Bilboko Merkataritza Ganberak Cardiff, Abeerden edota Glasgow hirietako birmoldaketa-politika sostengu bezala hartu zuen, Bilboko arazoak konpondu nahirik. Gure agintariek otsoa belarrietatik hartu nahi zutela zirudien.

Azken hogeita hamar urteotan, ostera, frankismoan egindako hainbat burugabekeriari irtenbidea aurkitzen, zakutik edo zorrotik, baino ez dugu jardun. Dena den, aipatzekoa da jaso izan dugun zama pisutsuegia izan dela eta arazoak trenkatzen dihardugula. Bilboren kanpoko aldeko auzoek bertako arazoak konpontzeko erakunde publikoekin izan dituzten liskarrak dira adibide garbiena. Gauzak hasieratik ondo eginda baleude, beste kuku batek joko liguke.

Bide batez esanda, adierazgarria da Guggenheim ikur bilakatzea -horrekin batera harridura handia ere eragin du gure artean-, baina zein asmo mamitu ote dira? Etsenplu argiena Abandoibarran bertan dago: gune komertzialak, etxe-orratzak, bulegoak eta etxebizitzak estatu mailan garestienak ei dira (lurzoru publikoan, noski, eta ekimen pribatuari erraztasun guztiak emanda); agintariek espekulazioaren alde egiteaz gain, azkenik ere hiria prostituitu egin dutela (guztion diruarekin) ematen du. Honek guztiak ez du sortzen nolabaiteko anabasa... eta kiratsa?

Halaber zenbait galdera egin nituen neurekiko. Alde batetik, zer hiri mota nahi ote dugu? Eta, bestetik, zein ote da ideiaren muina? Baten batek esango du ez dagoela mendreneko dudarik, frankismoan bultzatutako eredua dela, hau da, kontsumorako hiria egin dugula. Baldin eta hori egia bada, nora garamatza bide honek? Nolanahi ere, eredu kapitalistak, oterik gabe jasanezina denez, Bilbo ezin du gehiago handitu, huts edo bete, eta eginez gero, ondorioak ikuskizun daude (orube gabezia, orografia menditsua edukitzea, lantegiak oraindik hiritik hur-hurrean egotea, eraikuntza egiten ez bat eta ez bi... horrek apika badu zer ikusirik). Hazta ditzagun arrazoiak, eta onar dezagun hein batean arrazoi duela, hitzaren zentzu hertsian. Hor legoke akaso arazoaren giltza? Halarik ere, zergatik batzuen iritziz egungo joeren erakusbidea onartzean edo, besteen ustez, gauzak bere horretan ustean? Hori guztia dela eta, beldur naiz, ez dakidalako zer-nolako etorkizuna izango dugun, asmo onek -betiko legez- ezerezean gelditzeko tankera osoa baitute: bukatzen ez den soka omen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo