Harri-jasotzea Marka saiakera
Idoia Etxeberriak denak txundituta utzi ditu
Bost minutuko txanda batean lau jasoaldi eman zizkion 120 kiloko errektangularrari 16 urterekin.
Jon LEUNDA | ORIO
Handia, ikaragarria egin zuen Idoia Etxeberriak bere estreinaldian. 16 urte besterik ez eta 120 kiloko harri errektangularrari lau jasoaldi eman zizkion bost minutuko txanda bakar batean. Adin horretan emakume batek inoiz egin ez duena egin zuen. Emandako itxura ere bikaina izan zen, eta denak txundituta utzi zituen.
Orioko ikastolak antolatu zuen jaialdiaren barruan aritu zen Etxeberria, eta jendetza batu zen bera ikusteko asmoarekin; denak aho zabalik utzi zituen. Harria bikain erabiltzen du, indarra soberan du, eta plazako giroak indarra ematen dio. Dena dauka gauza handiak egiteko. Emakumezkoetan ere Aimar Irigoien bat heldu dela esaten zuen harmailetan zegoen batek baino gehiagok.
88 kiloko harri koparekin eta 100eko errektangularrarekin beharrezko beroketak egin ostean, 120ko errektangularra jarri zioten aurrean. Prest zegoenean, epaileak txistua jo eta hamalau segundotan harria bizkarrean berdinduta zuen, zaleen txalo artean. Marka egina zegoen, baina bost minutu betetzeko asko geratzen zen.
Hortik aurrera ere lanean jarraitu zuen, eta beste hiru jasoaldi gehiago eman zizkion, lau jasoaldiko marka eginda utziz. Baina garbi geratu zen bost minutuko txanda batean beste jasoaldi bat gehiago ere badaukala. Izan ere, bosgarren hori gertu izan zuen, baina harriak, bular parean zuenean, irrist egin zion, eta jasoaldia bertan behera utzi behar izan zuen Etxeberriak. Hala ere, helburua bapo bete zuen.
Jasoaldiz jasoaldi, honela joan zen bere ahalegina. Lehen jasoaldia, 14 segundotan eman zion; bigarrena, minutu eta 21 segundotan; hirugarrena, bi minutu eta 26 segundotan, eta, laugarrena, berriz, hiru minutu eta 43 segundotan.
Amaieran pozez gainezka zegoen Idoia. «Helburua jasotzea zen, baina behin jasota horrek berak eman dit indarra eta gehiago nahi nuen, eta azkenean lau jaso ditut. Oso gustura nago», esan zuen. Hala ere, guzti horrek bazuen baina bat. «Azkenean pena apur bat geratzen da, bosgarren jasoaldia ere gertu izan dudalako, ia lortuta nuen, baina harriak ihes egin dit, eta ez da posible izan. Hala ere, oso gustura nago, aurretik nuen helburua bete baitut», esan zuen. Dudarik gabe, neska honek etorkizunean zeresan handia emango du.
Emakumezkoetan une honetan hiru neska bakarrik ari dira ofizialki harriak jasotzen: Urkiola, Sardon eta Etxeberria. Kopurua txikia da, baina hirurek duten maila sekulakoa da. Lehen, birekin ikuskizunak apartak ziren, eta orain oriotarraren agerpenak hori indartuko du.
Orioko herri kirol taldea lan bikaina ari da egiten. Idoia Etxeberriaz gain, mutiletan beste hiru gazte ere agertu ziren plazan, eta hirurak aritu ziren herenegungo jaialdian. Mendiluzek, Louzanek eta Galarragak ere itxura polita eman zuten, eta hori beti berri pozgarria da.