GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Telleria III.ak aurreikuspen guztiak bete eta txapela bereganatu du

J.L. | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan, eta Telleria III.ak jantzi zuen kintopekoen edo gazteen Euskal Herriko harri-jasotzeko txapela. Berarekin batera Atxa eta Oiarbide neurtu ziren. Lehen biek 20 urte dituzte, eta hirugarrenak, berriz, 16.

Jende ugari batu zen final hau zuzenean ikusteko asmoarekin. Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko kubikoa erabili zituen. Bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiruna minutu izan zituzten.

Atxa izan zen lanean hasten lehena, eta zilindro zaharrarekin ekin behar izan zioten lanari. Arabarrak 26 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Jarraian etorri zen Oiarbide, denetan gazteena, eta honek hemeretzi jasoaldi eman zizkion.

Lehen txanda amaitzeko Telleria III.a bakarrik falta zen, eta bera zen irabazteko faboritoa ere. Ez zuen hutsik egin, eta 29 jasoaldi eman zizkion zilindro zaharrari.

Kubikoa bakarrik falta zen saioa amaitzeko, eta garbi zegoen txapela nora joango zen, eta horrelaxe izan zen.

Atxak ez zuen eman harri honekin aurrekoarekin emandako maila, eta hamaika jasoalditan utzi zuen txanda. Ondoren Oiarbidek lan handia egin zuen, eta hamalau jasoaldi eman zizkion. Telleria falta zen saioa amaitzeko, baina honek txapela eskura zuen, eta ez zuen hutsik egin, hamalau jasoaldi eman baitzizkion.

Beraz, Telleria III.a izan zen txapelduna, guztira 43 jasoaldi emanda (4.300 kilo), ondoren Atxa izan zen 37 jasoaldi eman da (3.700 kilo), eta azkena Oiarbide izan zen 33 jasoaldi emanda (3.300 kilo).

Itxura polita

Aitor Oiarbide zen final honetako gazteena, 16 urte besterik ez baititu, eta oso itxura polita eman zuen. Zilindro zaharrarekin apur bat kostatu zitzaion, baina kubikoarekin bikain moldatzen dela erakutsi zuen. Txapeldunak bezainbeste jasoaldi eta Atxak baino hiru gehiago eman zizkion Oiarbidek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo