GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalAda Jarduerak

Mikel Ziarrusta gasteiztarra urte biribila izaten ari da

Azken lau hilabeteotan, eskalatzaile arabarrak zailtasun handiko hainbat bide kateatu ditu. Baltzolan, «Tas-tas» bidearekin (8c+/9a) egin da, eta Araotzen, berriz, «Honky Mix» marrarekin (8c+).

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Mikel Ziarrusta ez da batere ezkutatzen. Azken urte honetan, adibidez, gogotsu dabil, eta bere sasoia baliatuta, argi utzi du zailtasun handiko bideetan ondo moldatzen dela. GARAri aurreratu dioenez, iazko urtearen amaieran erabaki egokia hartu zuen: «Pasa den abenduan entrenatzaile batekin hasi nintzen. Eta, oro har, lan horrek oso emaitza onak eman dizkit».

Eta halaxe da. Lau hilabete gogor entrenatzen egon ondoren, arabarrak «Tas-tas» bidea (8c+/9a, Baltzola) kateatu zuen. Aitortu beharra dago Ziarrustak pixka bat harritu gaituela, bere libretatxoan 8c graduko marrak baitzituen «soilik». Hamabi saio behar izan ditu zailtasun handiko bide hori lortzeko: «Alquezarren pare bat 8c sinatu nituen, eta `Tas-tas' nahiko azkar atera dut. Bat-batean, gradu bat baino gehiago igo dut. Ez dut asko igarri, 8c+ gradua ez bainekien zer zen».

Bidea asko gustatu zaiola onartu du, eta, oso zaila bada ere, ez dio buruhauste asko eragin: «`Tas-tas' entrenatzeko oso egokia da. Uste dut rokodromoetako bideen ezaugarriak dituela. Beraz, rokoan ondo entrenatzen baduzu, ez da oso gogorra lantzeko. Harrituta nago oso azkar igo dudalako, baina, jakin banekien, indartsu nengoela. Astean zehar hiruzpalau saio egiten nituen. Eta horietako batean, katea ia ukitzen nengoela, erori egin nintzen. Behin betiko saioa ederra izan zen oso. Saio bat egin eta goi aldean erori nintzen. Eta hurrengoan kateatu nuen. Oso indartsu nengoen; inoiz baino indartsuago».

Araotzen bestea

Astebete beranduago, Baltzolan bertan, «Obaba» bidea probatzen ari zela min hartu zuen. Bi hilabete geldirik egon ondoren, berriro entrenatzen hasi zen. Hurrengo helburua: «Honky Mix» (8c+, Araotz).

Korea sektoreko bide hau iaz probatu zuen; gutxi gorabehera, 40 saio egin zituen. Pasa den abuztuan, berriz, zortzi saiotan poltsikoratu zuen: «Bide hau buruan neukan. Iaz saiatu nintzen, baina ezin izan nuen kateatu; goi aldean erortzen nintzen. Alabaina, bidearen mugimendu guztiak buruan nituen. Eta `Tas-tas' bezala, nahiko azkar poltsikoratu dut».

Sasoiko dela ikusita, jadanik hurrengo helburua zehatu du: «Na-nai» (8c+, Baltzola). «Asteburu honetan Espainiako Txapelketa dut, eta ondoren Baltzolara joan naiz», adierazi digu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo