Kirol eskalada Araotz
«Koldoren mundua», Gorka Karapetoren azken sinadura
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Araotzeko Korea sektoretik igarota, segituan ohartzen zara bide mordo batekin josita dagoela, eta, hortaz, beste batentzat lekurik ez dagoela. Bada, ez; oraindik tarteren bat edo beste egon badago. Hala ikusi zuen, bederen, Pablo Cuevak; hots, «Koldoren mundua» bidearen sortzaileak.
Marra ikusi, ondo aztertu eta ekipatzeari ekin zion. «Simonides» eta «Aimar» marren artean kokatu zuen. Obra egina zegoen, soilik hura kateatzea falta zen. Uda freskoa izan da Korea sektorean; hango itzalean hotz eta guzti izan da. Proiektuari forma eman bezain laster, eskalatzaile gogorrenak «Koldoren mundua» probatzen hasi ziren. Abuztua aldera, handik Gorka Karapeto azaldu zen. Gogotsu eta indartsu.
Eskalatzaile azpeitiarrak lehen igoera sinatu nahi zuen, eta, azkenean, lortu ere: «Suitzatik bueltan, Koreara joan eta proiektu horretan sartu nintzen. Lauzpabost egunetan erdietsi nuen; guztira, 8-10 saio behar izan nituen `Koldoren mundua' poltsikoratzeko».
Koreako beste bide batzuekin alderatuta, «Koldoren mundua» marrak badu berezitasunik. Gorka Karapetok nabarmendu digunez, indar-erresistentziazko bidea da: «Beheko aldea indar-erresistentziazkoa da. Erdian, berriz, bloke bat du; hori Korean ez da oso ohikoa».
Hurrengoa ere azaldu digu Karapetok: «Goiko aldean, berriz, zaila da erortzea. Koreako ia bide guztiek ezaugarri berdinak dituzte, baina azken honek ez. Zailtasunari dagokionez, 8c+ proposatu dut; uste dut 8c baino gogorragoa dela».