GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA IX. Sagar uzta Astigarragan

Esan eta Egin! 310 lagun batu dira kizkiarekin sagarra biltzen

Asteburu honetan bertan makina bat arituko ziren sagarrondoen oinetan uzta jasotzen. Eskuz asko, baina Astigarraga eta inguruetan tradizioa kizkiarekin batzea da. Tresna hau baliatuz errekorra jarri zuten atzo Astigarragan. 310 lagun batu ziren plazan sagarra batzen. Enbidoa botata dago, ea nork lortzen duen orain 311 batzea.

p017_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Sagar usaina zerion atzo Astigarragako herriari: nahi adina mota sagar salgai, sagar gozoak salmahaietan, sagardoa barra-barra dastatzeko... Hori guztia gutxi balitz, dozena bat lagun baino gehiago 2009ko lehen sagar muztioa egiten. Herrian IX. Sagar Uzta jaia ospatu zuten eta aurtengoan sagarrondoen ekoizpena apala izan dela aurreratu duten arren, jaia goia joz ospatzea erabaki zuten.

Goizean goizetik ikusmirarako primerako aukera zegoen arren, eguerdirako iragarritako ekimenean jarriak zeuden begi guztiak. «300 baietz!», entzuten zen herrian barrena behin eta berriz; gero eta ugariago, gainera, 12.30ak hurbiltzen zihoazen adinean.

Erronka jarria zegoen: Astigarragako Joxe Miel Barandiaran plazan 300 pertsona kizkiarekin sagarra batzen jartzea, gisa horretan errekorra jartzeko. Goldea taldeko Antton Arkak bereak eta bi egin zituen giroa berotzeko. «300 baietz» eta «300 baietz» esanaz igaro zuen goiz guztia. «200 dagoeneko, berrehunek eman dute izena! Tira, animatu!», zioen hamabiak eta laurden jota zirenean. «214 jada», pare bat minutu beranduago. «Ikusten nago guk ere sartu egin beharko dugula», esaten zion emakume batek besteari minutuak aurrera zihoazela ikusita.

Hamabi eta erdiak jota, 292 ziren eta zortzi lagun falta ziren eurek jarritako apustua irabazteko. Azken momentuan, hala ere, korrika eta presaka iritsi ziren batzu-batzuk; seguruenik sagardoa dastatzen eta txistorra pintxoak jaten entretenituta zenbiltzan.

Kosta egin zen eta horrela onartu zuen gainera probaren ostean Arkak berak, baina, azkenean, animo eta animo artean, 300 ez, 310 lagun batzea lortu zuten. Haurrak gurasoekin, lagun taldeak, bikoteak... kizkiari zenbakia jarri, lepoan zapia lotu eta antolatzaileen aginduetara txintxo-txintxo: «Sagarra heldu, zizka erakutsi eta sakira!». Pareko etxebizitzaren balkoian zegoen jarria argazkilaria eta, sagarra ondo batzeaz gainera, irribarretxoa egin behar zioten hari parte hartzaileek marka erregistratuta geratzeko. Eskatu eta egin! Txalo zaparrada batez ospatu zuten bertaratutako guztiek balentria.

Izatez, Arkak berak azaldu zuenez, ezin dute jarritako marka Guinnes liburuan erregistratu, horretarako merituak egin badituzte ere. «Guinnes liburuan gordetzeko beharrezkoa da aurretik dagoen beste marka bat haustea. Guk jarri dugu, orain beste batzuei dagokie haustea», bota zuen enbidoa Arkak.

Errekorrean parte hartu zuten guztiei Gorrotxategi gozogileak prestatutako mokadutxoa eman zieten dastatzeko. Han bertan jardun zuen tolosarrak jo eta su, mamia, eztia, xarabetan bustitako bizkotxoa, esne-gaina, sagarra eta intxaurra zeraman gozoa prestatzen. Inguruko sagardogileak ere ez ziren besoak gurutzatuta egon, jende ugari pilatu baitzen euren mahaien parean sagardo tragotxoa edatera.

Etxera abiatu aurretik nahi zuenak aukeran zuen alkoholemia kontrola egitea. «Honek 0,14 eta nik 0,22? Nolatan? Berdin berdina edan dugu-eta», galdetzen zion gizon batek mahaiaren bestaldean zegoen emakumeari erabat harrituta. Arrazoia bat edo bestea izan, goiz pasa ederra igaroa zuten batak ala besteak, beste hainbatek bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo