GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Pertsonak ala robotak?

Joan den astean, nerabeak sexu-harremanak izaten gero eta goizago hasten direlako alarmarekin batera, ondoriozko nahigabeko haurdunaldiekin eta jarraitu egiten duen Abortuaren Legearen erreformaren inguruko kalapitarekin, nire egonezina piztu duen berri bat azaldu da hedabideetan. «Bigarren Hezkuntzako ikasleek heziketa finantzarioa jasoko dute eskolan; programak, Espainiako Bankuak, CNMVk eta Hezkuntza Ministerioak garatua, hipoteka, interes-tipoak edo kontu korronteak bezalako gauzak zer diren ezagutzen lagunduko die ikasleei». Hezkuntza mota honekin zer den bilatzen dena hausnartzera eramaten nau, batik bat, kolokan biziki jartzen ari diren curriculumeko beste ikasgai batzuekin alderatuta.

Politika arloko pertsonaia batzuek, eta batez ere Elizako batzuek, iazko ikasturte osoa eman zuten Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaia irakasteari intsumisioa bultzatzen, aurten ere hasi dira dagoeneko, eta manifestazioak egitera eta ikasgaiaren beraren kontra legezko neurriak hartzera ere iritsi dira. Herritartasunean hezteak molestatu egingo balie bezala. Jende berak, ordea, txalotu egiten ditu arestian aipatu ekimenak bezalakoak. Eta honek pentsarazten dit gizartearen zati batek nahi duena prestakuntza «produktiboa» den, geure haur eta gazteei heziketa integrala eman beharrean. Ni, behintzat, derrigorrezko hezkuntzaren benetako helburuak zeintzuk diren zalantzan jartzera eramaten nau: norberaren emozioei erantzukizunez aurre egiten jakingo duten pertsonak nahi ditugu ala, beste aldera, geure gazteak kontu ekonomikoak baino ez ditzaten jakin prestatu nahi ditugu bizitza osoan bizi beharko duten mundu emozionalaren garrantzia jakiteko aukerarik eman gabe?

Kezkatu egiten nau hain garrantzi gutxi izateak geure gazteen balioen gaineko heziketak. Kezkatu egiten nau ekonomia herritartasunari eta sentimendu eta emozio-hezkuntzari gailentzen ari zaiela. Kezkatu egiten nau kudeatzaile politikoak arduratuago egotea gure nerabeei hipoteka bat edo burtsaren funtzionamendua erakusteaz euren barne-munduaren ezagutza baino, nahitaezkoa euren zoriontasuna bilatzeko bidean, pertsona bakoitzaren xede nagusia izan beharko litzatekeena. Zer dela eta halako izua? Gainera, heziketa afektibo eta sexuala bezalako gaiak zeharka har litzakeen ikasgai bakarraren kontra hasitako borroka politiko-erlijiosoak pentsarazten dit botere jakin batzuei ez zaiela balioen gaineko pertsonen heziketa interesatzen, eta nahi duten bakarra dela hezkuntzak kontu tekniko eta ekonomikoak jasotzea. Hori bai, gero izugarri suminduko dira elkarbizitzako arazoak, tratu txarrak eta hamabi urteko neskatilen bortxaketak gertatzen direnean...

Egoera hau eta jarrera hauek alde bakarretik baino ezin dira ulertu: sektore batzuek, benetako boterea dutenek -haien artean hierarkia katolikoak- pertsonak manipulatzen jarraitu ahal izatea; besteak beste, euren bizitzetan tresna gehiegi ez dituzten ahulak boterea dutenen benetako interesen mesederako erabiltzea, hau da, pribilegio propioak mantentzea. Horregatik nahi dute biziki ez dadin ezer aldatu, denak berdin jarrai dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo