GARA > Idatzia > Kultura

«Betiko lagunen» bertsoek omendu zuten Patxi Etxeberria

Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Koxme Lizaso eta Jon Azpillaga oholtza gainean eta Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu eta Unai Muñoa bertara sartu-irtenak egiten. Garmendiak kantatu zuenez, «bost aitona gazte batzuen artean» izan ziren atzokoan Lasarte-Oriako kultur etxean, bertako bizilagun eta bertsolari Patxi Etxeberria omentzeko.

p050_f01_199x116.jpg

Odeia AIESTARAN | LASARTE-ORIA

Lasarte-Orian Bronxeko Pako arrantzalia bezala ezagutua, Patxi Etxeberriak merezitako omenaldi hunkigarria jaso zuen atzokoan bere bizilekuan. Jaiotzez oriotarra, Etxeberriak berrogeita hamar urte igaro ditu plazaz plaza eta egindako lanaren eskertza eman nahi izan zioten herritar eta lagunek. Hala, Lasarte-Oriako Udalak, Ttakun kultur elkarteak, bertso eskolak, Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartu nahi izan zuten egunean.

Goizean, dantzari batek Etxeberriari eta bere familiari ongi-etorria egin zien San Pedro parrokian eta Unai Manterola, abade, bertsozale eta Orioko bertso eskolako kideak eman zuen mezan, Etxeberriaren aspaldiko lagun Txomin Garmendiak kantatu zuen.

Bertsoaldiak

Eguerdian iritsi zen, halere, unerik hunkigarriena; omenaldi ekitaldia, hain zuzen ere. Oholtza gainean Etxeberriarekin kantuan hainbat urtetan ibili direnak, «betirako diren lagunak», izan ziren: Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Koxme Lizaso eta Jon Azpillaga. Horien erdian izan zen protagonista, Patxi Etxeberria, emazte Iñaxirekin batera.

Lehen bertsoa, ordea, Andoni Egañak bota zuen. Izan ere, Jexux Mari Irazu eta Unai Muñoarekin batera omenaldian parte hartu zuen. Azken horrek, hain zuzen ere, «luxu handia iruditzen zait elkarrekin kantatzea» bota zion Imanol Lazkanori bertsolari beterano eta gazteen arteko aldaketaz mintzatu ondoren.

Bertsoaren bitartez emandako eskerrak ugariak izan ziren saio guztian zehar. Joxe Agirrek, esaterako, Lazkanorekin puntuka eta librean ari zela, «betirako lagun» egin zirela aitortu zion Etxeberriari.

Bertso eskolan lehen ibilitakoak eta gaur egun dabiltzanak ere igo ziren oholtzara eta aginte makila eman ez ezik, bertso bat ere eskaini zioten. Horren ondoren, eguneko protagonistaren erantzuna etorri zen. Zuen poza nola azaldu ez zekiela aitortuta, honakoa kantatu zuen: «Eskerrik asko bertso eskola / eskerrik asko Lasarte / eskerrik asko lagun fin ona / eta udaltzaingo eta alkate / egia esan zuen txaloak / txunditzen naukate / egun honekin ez naiz ahaztuko / burua ondo dedan bitarten».

Ordu eta erdiko saioaren ondoren, agurren txanda iritsi zen. Egañak «atzeko gazteei agur bana eskatu nahi diet» esan ondoren, Agirrek, Lazkanok, Azpillagak, Garmendiak eta Lizasok berriz ere eskerrak eman zituzten eta azken bertsoaldia Etxeberriari berari utzi zioten. Gerturatutako lagun, familia eta bertsozale guztiei, tartean Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria zegoen, bazkaltzera joateko gonbitea luzatu zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo