«Kapazitate handiko» 4G sakelako telefonoa prestatzen dihardute
Valentziako Unibertsitateko ikerlariak sakelako telefonoen laugarren belaunaldia (4G) izango dena prestatzen dihardute. Aurreratu dutenez, «kapazitate handiko eta transmisio azkarreko» tresna hauek kalitate altuko telebista eta bideoak ikusteko aukera emango diete erabiltzaileei.
GARA | VALENTZIA
ITEAM (Ikus-entzunezko eta Multimediako Institutuko Ikerlariak) proiektuaren bidez sakelako telefono berrien sorkuntza prozesuan lanean ari dira Valentziako Unibertsitateko ikerlariak. Jose Montserrat, proiektuan murgilduta dauden kideen koordinatzaileak azaldu duenez, sakelakoen laugarren belaunaldiak azkartasuna izango du elementu nagusi. «Transmisioen abiadura segundoko 130 Megabit izatera ailegatuko da eta kasu batzuetan, Gigabit 1era ere iritsiko da», zehaztu du Montserratek.
ITEAMeko kideak Winner+ (Wireless World Initiative New Radio+) proiektuan sartuta daude buru-belarri, hau da, Europa mailan 4G sakelakoekin lan egiten duen ikerketa lan handienean. Nokia Siemens Networksek koordinatuta, Winner+ 28 bazkidek osatzen dute eta horien artean dago, hain zuzen ere, Estatu espainoleko ITEAM.
Proiektuaren helburuen artean, transmisioaren abiadura azkartzea dago, erabiltzaileari emandako zerbitzuen kalitatea hobetuz horrela. Montserraten hitzetan, «haririk gabe zuntz optikoak eskaintzen dituen kapazitateak eskaintzea da helburua». «Gure Institutuan sakelakoen laugarren belaunaldira ailegatzeko lan egiten dugu. Transmisio bide berriak definitu eta gaur egun ditugun baliabideak hobetu nahi ditugu», gaineratu du.
ITEAM proiektuak bere ikerketa bi bidetan kokatzen du: LTE-Advanced eta WiMAX. Montserratek adierazi duenez, «LTE-Advancedek dituen prestazioak eta WiMAXen sakelako berriena ezezagunak dira eta bien deskripzioak urria arte ez dira ezagutuko».
Laugarren belaunaldiko sakelakoekin «erabiltzaileak 5 ms baino denbora gutxiagoan datuen transmisioarekin hasi ahalko du, gaur egun baino 10 aldiz azkarrago», azaldu du Montserratek.