Lehergailu batek kalte txikiak eragin ditu PSEren Lemoako egoitzan
Lakuako Barne Sailak aditzera eman duenez, etxean egindako lehergailu batek eztanda egin zuen larunbat gauean PSEk Lemoan duen egoitzan, lokalaren kanpoko aldean kalte txikiak eraginez.
GARA |
Etxean egindako lehergailu batek eztanda egin zuen larunbat gauean PSEk Lemoan duen egoitzan. Erasoak kalteak eragin zituen Arraidi auzoan kokatuta dagoen lokalaren kanpoaldean.
PSEren egoitzari goizeko ordu bata eta erdiak aldera egin zioten eraso Lakuako Barne Sailak aditzera eman zuenez. Ordu horretan egin zuen eztanda etxean eginiko lehergailuak, alderdiaren egoitzaren sarreran kalteak eraginez.
Jose Antonio Pastor PSEko ordezkariak «erabateko» gaitzespena eta mespretxua agertu zuen erasoaren egileen aurrean. «Tankera honetako erasoekin inoiz ez dute ezer ere lortuko», nabarmendu zuen PSEren ordezkariak.
«Faxisten sinadura»
«Biolentoen sinadura bakarra erakusten du erasoak, armekin Euskal Herriari mina eragiten jarraitzea erabakitzen duten faxista horiena», bukatu zuen PSEren gaitzespen komunikatua Jose Antonio Pastorrek.
PPko Leopoldo Barredak ere salatu zuen larunbat gauean Lemoan izandako erasoa. «Berebiziko elkartasuna» helarazi zien Barredak PSEri eta beren militante eta jarraitzaileei.
Isabel Salud Ezker Batua-Berdeak alderdiaren bozeramaileak ere gaitzetsi zuen Lemoako erasoa. «Era honetako gertaerek gero eta gehiago urruntzen gaituzte baketik», adierazi zuen. Ezker Batua-Berdeak alderdiaren izenean elkartasun osoa adierazi zien Isabel Saludek kaltetutako alderdiaren jarraitzaile eta militante guztiei.
PSE, PP eta Ezker Batua alderdiek egin bezala, Eusko Alkartasunak ere elkartasun osoa adierazi zien Lemoako erasoan kaltetutako herritarrei. Erasoaren harira, «berriro ere ekintza biolentoek, mehatxuek eta indarkeriak demokraziaren eta elkarbizitzaren funtsezko oinarrien kontra» egiten dutela azpimarratu zuen Eusko Alkartasunak. Euskal gizarteak mota honetako ekintzen egileak gaitzesten dituela ere nabarmendu nahi izan zuen EAk. Horrez gain, «euskal gizarteak elkarbizitza baketsu baten alde» egiten duela baieztatu zuen EAk, betiere «giza eskubideak errespetatuz».
Erasoaren berri izan bezain laster, PSE, PP, Ezker Batuak eta Eusko Alkartasunak ekintza gaitzetsi zuten eta militante eta jarraitzaile sozialistei «elkartasuna» agertu zieten.