GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Finala

Jon Rekondo Nafarroakoan ere maila nagusira igo da

Herrialdeko Bigarren Mailako txapela jantzi zuen Uharteko finalean.

p038_f01_79657.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Jon Rekondo Lehen Mailan arituko da datorren urtean, bai Euskal Herrikoan, bai eta Nafarroakoan ere. Bere herrialdekoa herenegun irabazi zuen, eta Euskal Herrikoa orain dela hiru aste. Urte bikaina izan da leitzar gaztearentzat. Oihan Larretxea ere Lehen Mailara igo da.

Herenegun jokatu zen Uharten Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien finala. Bost kirolari aritu ziren nor baino nor, eta bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Patxi Mindegia ere final honetan aritzekoa zuen, baina Zubietakoak osasun arazo batzuk ditu, eta bere ordez kanporaketan seigarren izan zen Jexux Etxeberria aritu zen.

Rekondo zen txapela lortzeko faboritoetako bat, Daniel Vicenterekin batera. Tartean, ordea, Oihan Larretxea sartu zen, eta Donato Larretxearen semea ere mailan nagusian izango da datorren urtean, bere aitarekin batera, nahiz eta finalean aritutako aizkolaririk gazteena izan.

Leitzarra izan zen finaleko onena, eta Larretxea gazteak bakarrik egin ahal izan zion aurre. Hala ere, probaren amaierara alderako Rekondok ihes egin eta txapela janztea lortu zuen. Irabaztea beti da garrantzitsua, eta horrelako txapel batek pisu handia du, baina mailaz igotzea ere oso garrantzitsua da, eta bigarrenak ere sari horixe zuen. Daniel Vicente saiatu zen, baina Larretxeak minutu eta erdiko aldea kendu zion. Hortaz, Berako 19 urteko gaztea izango da datorren urtean onenekin batera. Beste faboritoa, Daniel Vicente, hirugarren postuan geratu zen, baina hori lortzeko ere dezente borrokatu behar izan zuen, Xabier Mindegia gainean izan baitzuen, eta amaieran bederatzi segundotako tartea bakarrik egon zen bien artean. Horiek guztiak baino atzerago geratu zen Jexux Etxeberria.

Nolanahi ere, guztietan daturik bitxiena Daniel Vicentek osatzen du. Otsagabiakoak iaz lehenengo aldiz Euskal Herriko maila nagusiko finalean sartzea lortu zuen, baina Nafarroan Bigarren Mailara jaitsi zen. Beraz, une honetan Euskal Herrikoan Lehen Mailan jarraitzen du -aurtengoa oraindik ez da jokatu- eta Nafarroakoan, Bigarren Mailan. Rekondok, aldiz, joan den urtean galdutako maila berreskuratu du.

Aizkora gustuko dutenek, datorren asteburuan ere saioak ikusteko aukera ederra izango dute. Igande eguerdian, Etxarri Aranatzen jokatuko da Nafarroako Lehen Mailako kanporaketa, eta arratsaldean Anitzen Euskal Herriko Hirugarren Mailako azken kanporaketa izango da.

Ariztegik txapelak pilatzen jarraitzen du

Maika Ariztegik berean jarraitzen du, eta argi uzten ari da emakumezkoen lokotx-bilketan jaun eta jabe dela. Larunbat arratsaldean jantzi zuen Igantzin bere zortzigarren txapela, eta hori zerbaiten seinale da. Gainera, oraingoan marka berria ere ezarri zuen . Kirolari bakoitzak metro eta 25 zentimetrora jarritako 50 lokotx batu behar izaten ditu, eta Iturengoak 7 minutu eta 23 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko.

Mutilen Nafarroako finala ere jokatu zen, eta Fernando Etxegarai gailendu zen, nahiz eta Lasaga ehunen batzugatik menderatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo