GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikas-Bi sare elebidunaren ustez, 2009-2010 ikasturtea oker hasi da

GARA

Hasi berri den ikasturtearen balantze negatiboa egin du Ikas-Bi-k, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hezkuntza elebidunaren sareak.

Hezkuntza publikoan euskaraz eta frantsesez eskaintzen den irakaskuntza ereduaren eskaera emendatu egin da, eta, hala izanik, irakasle kopurua murriztu izana salatu du Ikas-Bik: «EEPren datuen arabera, irakaskuntza elebidunaren hautua egiten dutenen kopurua urtetik urtera igotzen ari da; alabaina, agerikoa da irakasle postuen kopuruari dagokionez, ez dela gauza bera gertatzen. Aitzitik, postu hauek desagertzen ari dira».

Ikas-Biren hitzetan, desoreka horrek «ondorio larriak» ekarriko ditu: «Batetik, familien aurrean zilegitasuna galtzeko arriskua dakar, ikasgeletan sobera haur baldin badira, irakaskuntzaren kalitatea kolokan izan daitekeelako. Bestetik, irakaskuntza elebidun publikoak duen balioan sinesmena galtzeko arriskua dakar, euskararen eta frantsesaren arteko berdintasuna errespetatzeko zailtasunak eragiten dituelako».

Hutsuneak

Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) eta Hezkuntza Ministerioaren parte hartzearen hutsuneak ere kritikatu ditu, batez ere, aurtengo Eskola Karta hitzarmenean izandakoak.

Partaidetza hori tresna «onena eta makalena» izan daitekeela uste du Ikas-Biko buru Thierry Delobelek: «Egokiena, eragile guztiak mahai berean elkartzen dituelako, baina eskasena ere izan daiteke, legedia zehatzik ez izatearen ondorioz, akordio oro kolokan jarria izan daitekeelako edozein unetan».

Irakaskuntza elebidunean 30 sekzio berri sortu dira aurten, eta elebitasuna proposatzen duten ikastetxeen kopurua %42tik %54era pasa da lehen mailan. Bigarrenean ere igoera azkarra izan da baina, beste postuen artean, euskarazko bi eta erdi besterik ez dira Baionako Jean Moulin eta Senpereko eskoletan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo