GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Aberatsen irabaziak eta langileen heriotzak; krisiaren muturreko bi aurpegiak parez pare

Aditu eta agintariek kimu berdeei begira egoteko esan diete herritarrei. Kimu berdeak atzeman omen daitezke ekonomian eta hor jarri behar du itxaropena krisiaren gordina jasaten ari denak. Urrutiko kimu berdeei begira jarrita, ordea, inguruko zipriztin gorriak ez ikustera hel daiteke langileria. Eta kimu berdeak diren ala ez diren erabakitzeke dagoen bitartean, zipriztin gorriak eguneroko ogia dira langileentzat. Izan ere, atzo, beste langile bat hil zen Berrizen, 30 urteko gaztea oraingoan. Horrekin zazpi dira azken asteetan lan istripuen ondorioz hil diren langileak. Urte honetan 66 izan dira, orotara, Euskal Herrian lanean hil diren pertsonak. Argi dago aditu eta agintari gehienek ez dituztela datu hauek kontuan hartzen kimu berdeez ari direnean. Gainera, lanetik atera edo lana bilatzetik etxera bueltatu ondoren, bankarien eta industrialarien mozkinak eta soldatak gero eta handiagoak direla entzun behar dute herritarrek. Atzo, urrutiago joan gabe, mozkinek eta soldata handiek hildako gazteek baino tarte handiagoa hartu zuten albistegi gehienetan. Egoera benetan iraingarria da eta agintariak era guztiz arduragabean jokatzen ari dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo