GARA > Idatzia > Kultura

«Zure eskura dago», gonbita luzatu du Durangoko disko eta liburu Azokak, kartel berriarekin

Liburu apalategi baten irudia islatzen duen lanarekin, Lur Merinok irabazi du aurtengo lehiaketa. Hirugarren urtez, txapelketa bidez aukeratu dute Azoka iragartzeko kartela. Guztira 55 proposamen jaso dituzte.

p042_f01_148x096.jpg

GARA | GASTEIZ

Abenduaren 4ra arte itxaron beharko da Durangoko Landako gunera sartu, eta Euskal Liburu eta Disko Azokaren 44. edizioa bertatik bertara ezagutzeko. Bitartean aukera dago aurten izango duen kartela eta haren egilea ezagutzeko. Astrabuduko, Erandioko diseinatzailea den Lur Merinok irabazi du aurtengo lehiaketa, eta haren proposamena «Zure eskura dago» lelopean aurkeztu zuten atzokoan Geredia elkartekoek. Lehiaketara deitu duten hirugarrena den urte honetan, inoiz baino proposamen gehiago jaso dituztela azaldu zuten, 55 izan baitira lanak.

Egileak azaldu zuenaren arabera, lelo honen bidez bere asmoa izan da jendea Azokara gonbidatzeko nahia erakustea, «kulturan inbertitzea guztion eskura dagoelako». Diseinuari dagokionez, krisiaren eragina sumatzen zaiola gaineratu zuen. «Elementu grafikoen ekonomia dago, krisialdiak jota dagoen gaurko sasoiarekin bat etortzeko», argitu zuen horren harira. Bestalde, irudi osoak liburu apalategi bat irudikatzen duela zehaztu zuen. Aurretik Andre Maria Zuriaren jaietako 2000. urteko kartela eta Doctor Deseo taldearen diskoa diseinatu ditu Merinok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo