GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Inazio AGIRRE ARREGI I Ezker abertzaleko kidea

Nafarroaren euskaltasuna berrezartzea

Ezin onartuzkoak dira, orain, euskararen manipulazio politikoa erabiltzea, «konkista eskubideak» irautea eta euskal nazioaren garapen iraunkorra arriskuan jartzea

UPNk eta CDNk mehatxu egin dute espedienteak irekiko dizkietela «Euskal He- rria» terminoa ikasgeletan erabiltzen dutenei eta testuliburu «kutsatuak» erretiratuko dituztela. PSNk dio euskararen ofizialtasuna Nafarroako hegoalde osoan ukatzen jarraituko duela, bertako haurrei debekatzeko herriko eskola publikoetan euskaldundu daitezen eta guztion etorkizun euskalduna zapuzteko.

Neurri horiek arriskuan jartzen dute Euskal Herri euskaldunak irautea eta munduko eleaniztasunari eustea. Sanzen gobernua eta PSN, alabaina, euskararen etorkizuna bermatu ordez, nafarren hizkuntzaren historia trukatu eta euskararen aurka jotzen ari dira. Horiek horrela, Europako Kontseiluak ere kargu hartu dio Nafarroako Gobernuari.

Espainiak eta Frantziak geure aitaso-amasoei euskaraz bizitzea galarazi zieten erdarazko asimilazioa burutu arte. Eta, orain, asimilazioa legitimatzeko, euskara desagerrarazteko politika babesten dute; normaltasunez onar ditzagun euskara galtzea eta beren erdarak inposatzea, euskaldunak eta burujabeak ez izatea.

Nafarroako Legeak lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako nafarrak sortzen ditu. Arazoa ez da eremu bakoitzaren osaera, zonifikazioa bera baizik. Oraingo manipulazioa da eremu mistoan zenbait herri sartzearen truke euskararen hizkuntza komunitatea ukatzea eta euskara txikitzen duen ingurune erasokorra bermatzea.

Euskal Herri osoa baita euskararen lurralde eta hizkuntza komunitate. Historiaurretik gaur arte, gure arbasoek euskara sortu, eratu eta garatu baitute elkarrekin Pirinioen bi aldeetan; eta historiaren eta kulturaren beste elementuekin batera osatu baitute nafarra edo euskaldun izatearen zentzua.

Labur beharrez, orain dela mila urte, Euskal Herria entitate politikoa da Nafarroako Antso Nagusiaren garaian eta euskaldun guztiak biltzen ditu Nafarroako Estatuan. Garai hartako testuek diote «(Nabarra) herriko hizkuntza naturala euskara» dela; «denbora hartako nafar erregeek euskara zerabiltela beren hizkuntza pertsonal eta natural gisa»; Antso VI.a Jakitunak (1150 - 1194) «lingua navarrorum» (nafarren hizkuntza) deitzen dio euskarari.

Sei mende geroago, 1643an, Axular idazle nafarrak aditzera eman zuen euskararen hedadura: «Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan». Eta, orain, euskarak bizirik dirau.

Beraz, euskara Nafarroaren eta Euskal Herriaren nazio hizkuntza da, mendetako zapalkuntza politikoak hainbat eskualdetan atzeratzea eta galtzea eragin duen arren. Izan ere, Espainiak eta Frantziak Nafarroaren estatu propioa ukatu, suntsitu, 800 urteko gatazka eragin eta asimilatze prozesu iraunkorra burutu baitute.

Erreferentziak honako hauek dira: 1202an, Gaztelako Alfontso VIII.ak Gasteiz, Donostia eta Durangaldea konkistatzea, antolamendu juridiko nafarra desegin gabe. 1512an, Nafarroa konkistatzea, okupatzea eta menderatzea. 1620an, Nafarroa independentea, Zuberoa eta Bearno Frantziara anexionatzea. 1789an, Frantziako asanblada nazionalak Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako instituzioak deuseztatzea. 1841ean, Nafarroako Estatuaren Konstituzioa ezabatzea, Lege Pakzionatua izenekoaren bitartez. 1876an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irauten zuten foruak deuseztatzea.

Nafarren hizkuntza txikitzeko erreferentziak, berriz, honako hauek dira: Espainian, 1492an: Nebrijak Isabel II.ari «Siempre la lengua fue compañera del imperio»; 1759an: Karlos III.ak «se extinguen los demás idiomas ... como está mandado»; 1857an: derrigorrezko eskola espainiera hutsez; 1936an, frankismoan euskara debekatua. Frantzian, 1539an, frantsesa inposatu zuten bizitza ofizialean; 1793an, frantsesez «hitz egitera, irakurtzera eta idaztera» behartu zen; eta 1789ko iraultzaz geroztik frantsesa da hizkuntza bakarra.

Harrigarria da baldintza horietan, gaur egun, euskaltasunak irautea. Herri xumeak mendetako zapalkuntzari eutsi dio, Euskal Herriaren nortasun nazionalaren adierazpen gorena guztiona eta guztiontzat dela sentitu duelako. Horregatik, ezin onartuzkoak dira, orain, euskararen manipulazio politikoa erabiltzea, «konkista eskubideak» irautea eta euskal nazioaren garapen iraunkorra arriskuan jartzea.

Derrigorrezkoa da asimilazioaren aurkako sentimendua errotzea eta herri gogoa indartzea. Ezinbestekoa da hizkuntza politika berria eraikitzeko konpromisoa hartzea eta indarrak biltzea. Nafarroako Estatuaren euskaltasuna berrezartzeko Axularrek aipatutako zazpi herrialdeetan. Euskal eleaniztunak izan gaitezen Euskal Herri euskaldunaren baitan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo