Joxemari Ostolaza
Aintzane
Orkolaga Etxaniz. Gure alabaren bidez izaten nuen bere berri. Bere anaia Jon Mikel, haurtzaroan euskal izena zuen eskolako kide bakarra izan nuen pupitre lagun. Gure amaren azkenetan Donostiako Onkologikoan izan nuen aukera bere senarra Rober ezagutzeko, holako egoeratan gure ama hain atseginki hartua izan zen lekuan zerbitzari. Frantziako kartzelara bidaiatzen urteak daramatzanak, orain Aintzane du gose greban Espainiaratzeko arriskuari aurre egiteko uzten dioten era ia bakarrean diharduela. Aintzaneren aita zena eta haren anaia ere orain berrogeita bat urte ezagutu genituen preso, herri honetako zenbaitentzat bukatu ez den salbuespen egoeraren biktima. Inguru hurbilean presorik ez duenak nekez bizi lezake muturreko egoera horren gordina, bati bizimodua erabat aldatzen dion hori. Maitearen ausentziaz gain, urruntasunak sortzen dizkion arazo praktikoen gatibotasuna du bizimodu, bakarrik eraman beharreko zamaren preso, inoiz arintzen ez dena nahiz eta kasu onenean bere ingurua horretan saiatu. Hendaiako lagunak ari dira Aintzaneren aldeko elkartasun ekintzak burutzen, gose grebaren hotzen ikara hozkirriek erotu ez dezaten, herriminak gehiago kolpatu ez diezaion.