Luzien Etxezaharreta 2009/10/2
Irudi txarrak
Argazki batzuek pena ematen dute eta Euskal Herriaren bilakaera erakusten dute. Astelehenean euskal prentsan (bestean black out) zabalduak bazuen gogoetatzekoa. Atzean Juan Paredes Manot, Txiki zenaren hilobia Zarautzen, lauburu bat eta «balarekin haizea geldiaraztea uste zuten» idatzia. Eguzki ederrak ongi argitua eta aurrean bi ertzain, gorri beltzak, fusilak eskuan, beren kaputxaren atzean begi idorrak nabari. Fusilatuari egin nahi zen omenaldia debekatua zen. Eta gogoan nuen hori ikustean 1975.eko larunbat goiz hura, bezperan Francok zuzendu Ministroen Kontseiluak hilarazteko agindua hartu zuen biharamonekoa. Zortziak bost guti ziren eta France Inter irratiko langileek, Mozart-en Requiem ederra hedatu zuten, protesta gisa. Europa guzian Frap eta ETAko hildakoen salaketa oihu ozena bota zen. (...) Askok bihozmin handia genuen ostiral gaueko itxarote izugarri hori zela ejekuzioko gaua beren capillan iragan zutelarik bostek. Hogeitahamalau urte berantago gure herrizainak oroitzapen hori ezabatu nahiz, etziren sortuak oraindik beren fusila eskuan ziren ertzain horik.
Egun hauetan Frantzian Manouchian taldearen historia dakarren filme berria dator. «Krimaren armada»-ko kide zirela zion «Afitxa Gorri» famatuak. Noiz ote Txiki eta Otaegiren argazkiak, beren aurpegi nekatu ilun torturatuekin Euskal Herrian banatuko den afitxa gorri berri batean? Zioten, 1943an, «krimaren armadako askatzaileak» zirela heiek. Hitz berdinak entzuten baitira gaur Manzanas torturatzailea bera «gizon justuen» sailean sartzen delarik ere.