AHT gelditzeko Berostegiko pagoetara igotakoak babestu dituzte ehunka lagunek
Ehunka lagunek egin zuten atzo Ordiziako plazatik Itsasondo eta Legorreta artean dagoen Berostegi auzorainoko bidea, «AHT ez!» aldarrikatzeko eta astelehenetik zuhaitzetara igota dauden ekintzaileekin bat egiteko.
GARA |
«Zuhaitzei sustraietatik eutsiz, AHTrik ez!» leloa zuen manifestazioak. Izan ere, lagun batzuk Itsasondo eta Legorreta arteko Berostegi auzoko pagoetara igota daude joan den astelehen gauetik, basoko zuhaitzak moztea eragozteko eta eremu horretan trenbidea eraikitzeko lanak hasi direla salatzeko. Bada, atzo arratsaldean ehunka herritarrek egin zuten bat ekintzaileon aldarrikapenekin.
Kanpin-dendak ekartzeko deia
Bostetan bildu ziren Ordiziako plazan eta Itsasondon barna Berostegira abiatu ziren, Ertzaintzaren furgoneta bat aurrean zutela. Une batean hainbat lagun pankartak zabaltzen hasi ziren bide bazterrean eta ertzainek argazkiak egin zizkieten. Tentsio unea sortu zen, baina osterantzean lasai egin zuen manifestazioak bidea.
Basora iritsi zirenean herritar batek hitza hartu, eta ekintzaileak astelehenetik zuhaitzetara igota egotearen zergatia gogora ekarri zuen. Ostiral arratsaldean lau kanpin-denda jarri zituzten inguru horretan ekintzaileei babesa adierazteko eta lan eremua okupatzeko asmoz, eta jendeari beraiekin batzeko deia egin zioten. Aipatzekoa da abiadura handiko trenaren eraikitze-lanetan ari diren langileen jarduera geldiarazita egon zela bai ostiralean bai atzo.
Bestalde, kexa ere agertu zuten egunotan polizia ugari dabilelako baso inguruan eta bertako baserritar zein herritarrek kontrol ugari jasan behar izan dituztelako. Ertzainek egun osoa etxe inguruak miatzen ematen dutela salatu zuten.
Gaur, Zurriola ikastolak antolatu duen Kilometroak jaian, Donostiako zuhaitzetara igo eta pankartak jartzeko asmoa dutela ere ohartarazi zuten, eta ekimen hau beste hainbat herritara hedatzeko asmoa dutela. Hala ere, ez zuten protesten nondik norakoari buruz bestelako argibiderik eman.
Bi udalak, aurka
«AHT ez!» behin eta berriz oihukatuz egin zuten herritarrek manifestazioa Itsasondo eta Legorreta lotzen dituen auzoraino. Aipatzekoa da bizilagunak ez direla azpiegitura erraldoi honi muzin egiten dioten bakarrak, bi herriotako udalek ere kontra daudela adierazi baitute. Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak hainbat arrazoi eman ditu proiektu honen aurka egiteko: «Azpiegitura xahutzailea da, herriak urrunduko ditu, azpiegitura suntsitzailea da, ez du gure ongizatea hobetuko, eredu kapitalista sustatzen du, hiriburuen gailentasuna areagotzen du, gizarte mailako desberdintasunak handitu eta gutxi batzuen sakelak beteko ditu».
Atzo eguerdian, Durangoko Ezkurdi plazan, bi lagun Batzokiaren aurreko zuhaitzetara igo eta bertan lotu ziren. Lurraren suntsiketaren kontrako pankartekin eta oihuekin lagundu zituzten.