Mariana Chenilloren «Cinco días sin Nora» filmak lortu du Besarkada saria
Biarritzeko Latinoamerikako Zinema Jaialdiko sari banaketa egin zen atzo Gare du Midi aretoan. Astebeteko jaialdiaren ondotik, Besarkada eta Union Latine dokumentalen sari nagusiak banatzeko ordua iritsi zen. Film luzeen sailari dagokionez, Chenilloren «Cinco días sin Nora» izan zen garaile, eta dokumentaletan, berriz, Txileko «Mi vida con Carlos» lanak irabazi zuen. Azkenik, film labur onenaren saria Matias Lucchesi zinemagilearen «Distancias»ek lortu zuen.
Ainize BUTRON |
Atzo, arratseko zortzietan Gare du Midi aretoan egin zen ekitaldian eman zituzten Biarritzeko jaialdiko sariak. Aretoa ikuslez gainezka zegoela, dantza emanaldien ondotik, sail bakoitzeko Besarkada sariaren irabazleak zeintzuk ziren jakinarazi zuten.
Film luzeen lehiaketari dagokionez, hamar pelikula aurkeztu ziren lehiarako, eta Mexikoko Mariana Chenillo zinemagilearen «Cinco días sin Nora» filma atera zen garaile. Lana Mariana Chenillo zinemagilearen lehen filma da, eta 2009an Moskuko nazioarteko zinema jaialdian film onenaren saria eskuratu zuen. «Cinco días sin Nora» lanak zuzendariaren familian izandako gertakari dramatiko bat du oinarri. Nora, zendu aurretik, bere ehorzketa prestatzen hasiko da, baina, ustekabean gertakari zahar bat piztuko da.
Epaimahaiak bigarren sari berezia eskaini zion Gabriel Medina argentinar zinemagilearen «Los paranoicos» pelikulari. Medinak egindako aurreneko filma da hori ere. Luciano Gauna izeneko idazlearen abentura bitxiak ditu ardatz lanak. Eta, film luzeen lehiaketa barruan, emakume aktore onenaren saria Txileko Sebastian Silvaren «La Nana» pelikulako Catalina Saavedra aktore nagusiari eman zioten, eta, gizonezkoarena, berriz, «Los paranoicos» filmeko Daniel Hendler aktoreari.
Azkenik, ikusleen saria «El cuerno de la abundancia» Juan Carlos Tabioren lanak jaso zuen.
Film laburren lehiaketan Besarkada sari nagusia Matias Lucchesi zinemagile gaztearen «Distancias» pelikulari eman zioten, eta, aipamen berezia jaso zuen Uruguaiko Julian Goyoaga egilearen «El hombre muerto»k.
Dokumentalen lehiaketa nagusian, Txileko «Mi vida con Carlos» filmak eskuratu zuen Union Latine saria. German Berger Hertzek egina, bere aitaren historia ikertzen ari den semea agertzen du, eta, horren bidez, oroitu nahi ez den herri baten tragedia ekartzen du gogora dokumentalak. Epaimahaiak ere bi aipamen berezi eskaini zituen: Mexikoko Juan Carlos Rulfo eta Carlos Hagerman zinemagileen «Los que se quedan» lanari eta Boliviako Diego Mondacaren «La Chirola»ri.
Aurten lehiaketan ziren hamabost dokumentalen kalitatea nabarmendu nahi izan zuten aipamen berezi horien bidez. Dokumentalen sailean ere ikusleek iritzia emateko aukera izan zuten, eta, film onena aukeratzeko orduan epaimahaiaren hautuarekin bat egin zuten «Mi vida con Carlos» aukeratuta.
Sari nagusi horien banaketa ekitaldian, aurtengo jaialdiko film selekzioaren berezitasuna nabarmendu zuten, eta, baita goraipatu ere sari nagusiak eskuratu dituzten zinemagileen fikziozko lehenengo filmak zirela. Sariak azken urteotan Latinoamerikako zineman gertatu den zinemagile berrien ugaltzearen erakusgarri direla nabarmendu zuten epaimahaikideek.
Sari gehigarriak
Besarkada sari nagusiarekin batera, atzoko ekitaldian beste lau sariren berri eman zuten. Louis Lumière ENS zinema eskolaren saria Diego Mondacaren «La Chirola»ri eman zioten. Biarritzeko zinemagile gazteen topaketei dagokien saria, bestalde, Txileko Fernando Guzzoni zuzendariari eman zioten «Dias robados» egitasmoagatik.
Gazte europarren saria, Sebastian Silvaren «La Nana» film luzeak, eta Vera Egito brasildarraren «Espalhadas pelo Ar» film laburrari eman zioten. Azkenik, zinema kritikaren sindikatu frantsesak Sebastian Silvaren «La Nana» saritu zuen.
Uruguaiko filmaren proiekzioarekin eman zioten amaiera atzo jaialdiari. Adrian Biniezen filmak hiru sari jaso zituen Berlingo jaialdian. Gaur, saritutako film guztiak proiektatuko dituzte.
Habanako Latinoamerikako zinema jaialdiko ordezkariak Biarritzeko jaialdian izan ziren azken honek hangoari eskaini omenaldiaren karietara. Urtero 500.000 ikusle biltzen ditu Kubako jaialdiak eta Latinoamerikako jaialdi nagusietakoa da. «Urtean zinema arloan gertatzen denaren laburpena da jaialdia, abenduan izaten baita. Sortu zenetik, zinemak izandako gorabeheren lekuko izan da», argitu zuten arduradunek. Egun, Latinoamerikako zinema «bide onetik» doala nabarmendu zuten: «Hamar urtez bilakaera handia izan da». Jaialdirako Habanan hogeita bi zinema areto zabaltzen dituzte. «Zinema zaletasun handia dago Kuban. Jaialdiak garrantzi handia du», bukatu zuten. A.B.