Top 14
Biarritzek itxaropenez bete ditu zale zuri-gorriak
Lapurtarrak, egungo txapelduna menderatu, eta hirugarren kokatu dira.
Jon LEUNDA |
Orain dela hiru edo lau denboralditako giroa zen atzo Agileran. Biarritz berriro ere, denboraldi kaskar batzuen ostean, dagokion lekuan dabil. Atzo egungo txapeldun eta atzora arte lider zena zuen aurrez aurre. Biarritzek, ordea, denboraldiko partidarik onena egin, eta garaipena lortu zuen. Hala, garbi utzi du finalerdietan izateko aukera asko dituela.
Norgehiagoka oso azkar jarri zen etxekoen alde, Boschek lehen entsegua zazpigarren minutuan lortu baitzuen, eta Peyrelonguek transformazioarekin asmatu egin zuen. 7-0, baina hiru minutu geroago kataluniarrek emaitza murriztu egin zuten zigor bat gauzatu ostean. Hurrengo minutuetan oreka izan zen nagusi jokoan, baina apurka-apurka etxekoak gaina hartzen hasi ziren. Hala ere, Perpinyak estu hartzen zuen Biarritz, eta kanpotarrak 10-12 aurretik zirela joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian, ordea, talde lapurtarra jaun eta jabe izan zen. Aurrean presio handia egin zuen, kanpotarrei jokatzen utzi gabe, eta baloia gehienetan Perpinyaren zelaian izan zen, eta horren eredu izan zen kataluniarren jokoa, izan ere, ez zuten puntu bakar bat ere gauzatu. Hala ere, etxekoei kosta egin zitzaien partidari buelta ematea, baina behin hori lortuta, bidea erraztu egin zuten, eta garaipen handia lortu zuten.
Biarritzek ez zuen denboraldia ongi hasi, joko aldetik ere ez zuen konfiantza handirik ematen. Orain, ostera, dena aldatu da, eta garaipenak heltzen hasi dira. Une honetan hirugarren daude, eta lehen postua ere oso gertu dute.