Andres URRUTIA I Euskaltzainburua
Euskaltzaindiak, laurogeita hamar urte: eskerrik asko zuei
Gure konpromisoak iraganari so egiten dio, eta, aldi berean, etorkizunari begira jartzen da
Urriaren lehen egunetan bukatuko dira Euskaltzaindiaren laurogeita hamargarren urteurreneko ospakizunak. Urte batez (2008-2009) aritu da euskararen akademia ekinean, bera sortu zeneko ekitaldi hura gogoratu eta gaurkotu nahian.
Hala egin du, egin ere, Euskaltzaindiak herrialde euskaldunetan. Hartara, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Iparraldea lekuko izan dira, ohiko jarduerez aparte, Euskaltzaindiak urte bitarte honetan egin duen ahalegin berebizikoaz. Esan gabe doa, horrekin akademiak bultzatu nahi izan dituela euskararen izatea eta zeregina, horiexek baitira kulturaren aldetik euskaldun guztiak erkide ditugun osagai lehenetsiak, besteak beste, kulturaren Euskal Herri hori bideratzen dituztenak, herrialde bakoitzak duen nortasun bereziari muzin egin gabe.
Beste behin ere, Euskaltzaindiak erakutsi du bera dela, legez eta eginez, euskararen erakunde aholku-emaile ofiziala, eta horretan diharduela, gure gizartean diren desberdintasun ideologiko eta politikoen gainetik.
Hortaz, erakunde izate horrek ematen dio Euskaltzaindiari halako indarra, halako ikuspegia, elkarlanean jarduteko, dela herrialde euskaldunetako agintariekin, dela Euskal Herri osoan euskararen sostengu, defentsa eta lantze-bidean ari diren bestelakoekin ere. Begien bistakoak dira, horien artean, hezkuntza-arloa, komunikabideak, administrazio publikoa, kulturaren sorkuntza, lanbideak... horiek guztiak dira Euskaltzaindiaren helburu eta xede.
Sorreratik ari da Euskaltzaindia euskararen IKER eta JAGON eremuetan. Horretan dirau, nahiz eta egungo egitekoak bestera norabidetuta egon, batik bat, euskararen bidez gizarte honek eskatzen dituen adierazpide guztiak bete ahal izateko.
Beharrezkoa du horretan Euskaltzaindiak Oñatiko Biltzarretik (1918) datorren konpromisoarekin jarraitzea. Konpromiso hura gauzatu zen Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin, eta hark ekarri zuen, ekarri ere, Euskaltzaindia beregain izatea. Harako konpromisoaren ondorioak dira Euskaltzaindiak gizarteari eskaini dizkion euskara batua, hiztegiak, gramatika, euskalkien inguruko ikerketak, literatura lanak, toponimia, biblioteka eta, orobat, hizkuntzaren sustatzea.
Orduko zina edo konpromisoa eraberritzen du egunotan ere Euskaltzaindiak, aurten martxoko barne jardunaldietan berretsi duen moduan, hiru ardatz nagusi hauek baliatua: lehena, kudeaketa hobetzeko konpromisoa, krisi ekonomikoaren garaian are esanguratsuagoa dena; bigarrena, ikerketarako konpromisoa eta ikerketa horren emaitzak gizarteratzeko ahaleginak, euskara eta euskal kulturaren inguruan; hirugarrena, harremanetarako konpromisoa, akademiekin eta jardule linguistiko nahiz kulturalekin.
Laurogeita hamar urte geroago, gure konpromisoak iraganari so egiten dio, eta, aldi berean, etorkizunari begira jartzen da. Hori egitean, nahitaezko gertatzen da, gaur eta hemen, Euskaltzaindiak eskerrak ematea: eskerrak, euskaldunon aldetik izan duen eta duen harrerarengatik; eskerrak, berebat, guztiok erakutsi eta erakusten diozuen begirunearengatik; eskerrak, azkenean, zuen kritika eta partaidetzagatik.
Eskerrik asko gizarteari eta euskararen munduari, Euskaltzaindiari aitortza emateagatik, haren arauak eta gomendioak betetzeagatik, eta, azken finean, euskarak gaurkotasunaren eta kulturaren eramaile izateko behar duen araubide hori egoki onartzearren.
Eskerrik asko Euskaltzaindian ari zareten guztiei. Eskerrik asko euskaltzain izan zirenei eta egun direnei, oso, ohorezko nahiz urgazle, batzordekideei, egitasmoetako teknikariei eta langileei.
Horiek dira bermerik nabarmenenak, Euskaltzaindiaren laurogeita hamargarren urteurrena, iraganaren ondoriozko ospakizuna baino, etorkizunerako abagunea izan dadin, euskara eta euskal kulturaren mesederako.