Blanca IZKUE
«Por amor al arte»
Zertaz dakizue zuek asko? Nik ongi menderatu, pare bat soilik. Horietako bat, euskal musikak azken urteotan gainditu beharreko zailtasunak. Horretan, zoritxarrez, jantziak gara. Musika talde bat sortzean, ongi pasatze hutsa da hasiberriei maiz entzun diegun argudioa, inozo bezain maitagarria. Baina edozein musikarik bere musika ezagun bihurtzeko gura sentitzen du, komunikatzeko beharra. Eta aurrera egiteko eskubide osoa dauka. Alta, hemen hasten dira arazoak. Musikaren kultura hain errotuta dagoen honetan, musika eskaintza merkatuko edozein balore bezala neurtzen da: sor ditzakeen etekin hutsetan. Gutxi kobratzen dutenak publiko gutxi erakartzen duten ezezagunak ohi dira, eta dinamika horri jarraikiz bigarren edo hirugarren mailako taldeak izanen dira betiko. Izena egiteko ibilbidean dauden taldeak dozenaka ditugu. Hauen patua, kaka jatea: lau sosen truke jo, desordutan... Eskarmentua eta ospea lortu dutenek, gutxi batzuek, profesionalek, aukerak mugatuak dituzte, haien eskakizun tekniko zein ekonomikoak gutxik bete ahal dituztelako. Berriki, zenbait lagunen eskutik, bi mutur hauetako bizipenak ezagutu ditut: batetik, kontzertuak ematea xede xumea duen lagun piano-jotzailearena, bere lagun biolontxelistarekin musika klasikoa jotzen duena. «Katxe» hitza amorala iruditzen zaie oraindik, eta, hala ere, ate asko itxirik aurkitzen dituzte beren emanaldiak errentagarriak izateko nahikoa ezagunak ez direlako. Bestetik, denok ezagutzen duzuen Berri Txarrak-ena. Argitaratu berri duten lanak eragin dien sonak eta arrakastak zenbateraino pozten nauen haiek bakarrik dakite. Disko salduenen artean dute «Payola». Ongi legoke, aldiz, kazetariren batek galdetzea zenbat ezezko jaso duten beren ibilbidean, ze traba izan dituzten. Zenbat bolo ia musutruk. Tematiak izan dira, langile sutsuak. Kostata, baina ongi irabazia dute arrakasta. Orain, askoren ustez, lorpen hori guztiona izan da. Edo, akaso, «komertzialak» bihurtu direla entzun beharko dute. Ja!