«Ez dugu musika era bakarra entzuten, eta horrek gure kantuetan eragina du»
Iruñerriko Kasu! taldearen musika, erritmo ezberdinak nahasten dituen koktelera dela esan daiteke. Rocka dute sustraietan, hip-hop zertzeladak abesteko eran, eta metal musikaren eragina gitarretan. Azken urteetako trabei aurrea hartuta, igandean aurkeztuko dute disko berria zuzenean Atarrabiako jaietan.
Koldo OTAMENDI |
Makina dira, Euskal Herriko luze-zabalean aste barruan entsegu lokaletan sartzen diren gazteak, asteburuetako emanaldiak prestatzeko. 2003ean sorturiko Kasu! taldea horietako bat dugu. Alta, Kasu!-ren norabidea ez da musika egite soilera mugatzen, filosofia zehatz bat baitute kantuen hitzak idazteko orduan, bai eta taldearen bizimoduan. Musikherria herri diskoetxearen babesean kaleratu dute 17 kantu batzen dituen lan berria. Diskoa 5 euroren truke eskura daiteke ohiko leku alternatiboetan, edota deskarga librean www.kasukoldarrak.net gunean.
Lehen diskoa estudio batean grabatu zenuten, bigarren hau, berriz, zuen kabuz egin duzue.
Grabaketaren kontua berezia izan da. Lehen diskoa («Beldurrik ez», 2004) Alber Porres-ekin grabatu genuen K estudioetan, eta emaitzarekin pozik geratu ginen arren, baziren ñabardurak. Gure ikuspuntutik lehen grabaketa hori «garbiegia» zen, eta ez zuen islatzen taldearen zuzeneko gordintasuna. Beraz, materiala eskura genuela aprobetxatuz, geure kasa saiatzea erabaki genuen «zuk zeuk egin» filosofia jarraituz. Urtarrilean hasi ginen grabatzen eta ekainean amaitu genuen. Alta, musikari profesionalak ez izateak eta lan kontuek asteburuetan bakarrik grabatu ahal izatea ekarri zuen, eta horrek asko luzatu ditu grabaketa, nahasketa eta masterizazio prozesuak.
2008an taldeak kolpe gogor bat jaso zuen, Mikelen atxiloketa. Hala ere, Kasu! eraberritu, eta indarrez aurrera egin zuen taldeak.
Kolpe latza izan zen. Zortea izan genuen taldea eraberritzeko aukera izan genuelako; Enekoren itzulerarekin eta Lizarren etorrerarekin egitasmoa bizirik mantentzea lortu genuen. Hilabete batzuk joan ziren Mikel fidantzapean aske geratu arte, eta azkenean diskoan parte hartu ahal izan du: Hala, taldea egun seikote bilakatu da.
Musikherria arduratu da diskoa hau argitaratzeaz. Egitasmoa egunetik egunera sendoago eta indartsuago dagoela ematen du.
MusikHerriarena herri honetan antolakunde ez profesional guztiek duten funtzionamenduaren eredu garbia da: bertan parte hartzen dugunon inplikazioaren araberakoa. Erakunde dinamiko gisa bai gaizki bai ondo egindakoak aztertu eta hobetzen saiatzen gara etengabe, eta, alde horretatik, MHren xedea etengabe erreferentzialtasuna irabaztea da. Diskoetxe gehienek ez bezala, MusikHerriaren helburua ez da negozioa egitea, eta hor ere, Kasu!-k bere burua kokatzen du, herri kulturaren alde.
17 kantuz osaturiko lana plazaratu berri duzue. Nolakoa da taldean sorkuntza prozesua.
Sorkuntza kolektiboa da, denok jartzen dugu zerbait kantu bakoitzean. Beti bada ideia bat, gitarra riff bat, edo kanta osatuagoa dakarrenik, baina taldekide guztion parte hartze eta ukiturik gabe abestiek ez lukete Kasu!ren izaerarik izango.
Tartean, «Nire Aitaren etxea» kantu ezagunaren moldaketa sartu duzue.
Maite Idirinen kanta gurasoen binilo zaharrean entzun genuen umetan eta moldaketa berri bat egitea bururatu zitzaigun. Lehenbizikoz ausartu gara bertsio bat egiten, eta egileei barkamena eskatu nahi diegu kanta izorratzeagatik. Moldaketa lanetan ari ginela ezpata-dantza erritmoarekin saiakera bat egitea erabaki genuen.
Disko berrian, musikari dagokionez aurretik finkaturiko bideari eusten diozue... baina badira eragin berriak.
Ez gara musika mota bakarra entzuten duten horietakoak eta, gainera, taldekide bakoitzak bere gustuak ditu. Aparte, disko honetan izandako kolaboratzaile zoragarriei esker, kanta batzuk hasiera batean zuten estilo aldaketak gehiago nabaritzen dira eta diskoa aberatsago egin dute.
Hitzetan aldiz, aurreko bideari tinko eutsi diozue: letra gehienek politikoki norabide zehatz bat azaltzen dute.
Lehen diskoa egin genuenetik lau urte pasa dira eta gauzak ez dira aldatzen! Arazo asko ditugu inguruan eta horietako batzuk kontatzen ditugu, ikuspuntu partikular berezietatik eta betiko esaldiak ez errepikatzen saiatuz. Nahiz eta seguru aski, ez dugun beti lortuko.
Nola ikusten duzue Euskal Herriko musika eszena...
Hemengo eszena berezia da... dinosauroz osatua dago hein handi batean. Egungo kontzertu handietan, duela hamar urte zeuden talde berberek jotzen jarraitzen dute, eta, egun, ez da talde berriekin apusturik egiten formatu horretan. Beste formatu txikiagoetan zorte ona izan dugu, gure eskualdean eta Nafarroan orokorrean jotzeko gonbidapen ugari izan baitugu. Hala ere, beste herrialdeetara ateratzea zailagoa egin zaigu.
Zein asmo ditu taldeak aurrera begira?
Kontzertuak dira orain gure lehentasuna. Iruñerrian kolaboratzaile guztiekin disko berriaren aurkezpen bat egin nahi genuke, baina ez da erraza toki bat bilatzea inguru honetan. Gure asmoa urtarrila edo otsaila bitarte jotzea da, hilabete batzuez geldiune bat egingo dugularik taldekide bat kanpora joaten delako.