Iragan urruna hurbiltzen digun balio handiko margo multzoa, Debako leize-zulo batean
Debako Astigarraga leize-zuloan aurkitutako margoek Paleolitora garamatzate; edo, hobeto esanda, iragan urrun hura hurbiltzen digute. Atzo eman zuten kobazuloa aurkitu zuenak eta indusketaren zuzendariak margo horien berri, eta, zalantzarik gabe, garrantzi bizikoak dira, ondare historiko eta kulturala aberasteaz gain, hemengo gizakien eta oro har gizateriaren iragana ikertzeko bide ezin hobea baita. Arkeologoek haren balio handia nabarmendu zuten atzo, beren hitzetan, Historiaurreko «homo sapiens gizakien jarduera sinboliko erritual eta artistikoa» ikertzeko aukera paregabea eskaintzen dute-eta. Beste alde batetik, kobazuloa zein ingurutan dagoen -Ekaingo kobazuloa ere inguru horretan dago- kontuan izanda, litekeena da beste multzo arkeologiko batzuk aurkitzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak leizezuloko sarrera itxi du aurkikuntza babesteko, eta espero izatekoa da aurrerantzean ere administrazioek aurkikuntza behar bezala kudeatzea, lehen-lehenik haren babesa bermatuz, hain zuzen, babes hori -oro har ondare historiko eta kultural osoarena- funtsezkoa da-eta, legeak ez ezik, sen onak ere hala eskatzen duelako.