Gernikako Arbola hautatu dute AHTren aurkakoek zuhaitz mozketa salatzeko
«AHT egiteko moztu dituzten zuhaitzek ez al dute Gernikakoak adinako errespeturik merezi?». Horixe galdegin zuten atzo AHTren aurka Gernikan egin zuten protestan eta hamar laguni desordena publikoa sortzea leporatu zieten.GARA |
«Zuhaitzei sustraietatik eutsiz!» lelopean AHTren aurkako protesta ekimena hamaika txokoraino zabaldu da. Atzo, Euskal Herrian ikur den Gernikako Arbolaraino iritsi zen. Bertan, eguerdiko hamabiak inguruan AHTren aurkari bat haritzera igo, eta bertan kateatu zen, «AHT Stop!» leloa zuen pankarta batekin. Juntetxearen atariko zelaietan, gainera, protestarekin bat egin zuen talde bat bildu zen.
Protesta hasi eta berehala agertu zen Ertzaintza euskaldunen askatasunaren ikur den zuhaitzaren ingurura. Bertan, protestan ziren 10 lagunak identifikatu, eta desordena publikoa eragitea egotzi zieten. Ordubete geroago, berriz, zuhaitzean kateatu zen ekintzailea jaitsarazi zuten.
Bizitzaren ikur
Proiektu erraldoiaren aurkariek AHTren eraikuntza-lanak direla-eta mozten ari diren zuhaitzek Gernikakoak adinako errespeturik ez al duen merezi galdetu zuten atzo. Ekintzaileen hitzetan, Juntetxeko horma batean irakur daitekeen bezala, «zuhaitzak bizitzaren sinbolo izateaz gain, politika eta gizarte bizitzako osagai nagusienetakoak ziren» eta egun ere hala dira.
«Herritarrek arbolaren inguruan elkartuta batzarrak egiten zituzten. Gainera, gizakiak antzinatik izan du zuhaitzekiko errespetu ia erlijiosoa, munduaren ikuspegi animistaren aldetik gauza sakratu bihurtu dira», esan zuten aurkariek. Horregatik, honakoa adierazi zuten: «Gernikako Arbolari AHTren aurkako desobedientzia herri guztietara zabal dadin eskatzen diogu».
Bestalde, Legorreta eta Itsasondo arteko AHTren eraikitze lanetan zuhaitzak landatuko dituzte gaur obretarako desjabetutako lurretan, «suntsiketa basatia» salatu eta zuhaitzetan direnei elkartasuna adierazteko.