Lakuak ezezkoa eman dio hondakinen kudeaketarako lege berria eztabaidatzeari
Egun indarrean diren araudiek hondakinen alorrean eskumenak dituzten instituzioen babesa dutela argudiatuta, Lakuak ezezkoa eman dio hondakinen lege berria sortzeko eskariari. Bestalde, herenegun, Zubietako errauste-plantaren proiektua onartu zuten Hondakinen Partzuergoan.
GARA |
Hondakinen inguruko legea sortzeko herri ekimen batek egindako eskariari ezezkoa eman zion atzo Gasteizko Legebiltzarrak. Atez ateko hondakin bilketa egiteko eta errauste-plantak desagerrarazteko eskariaren aurka agertu ziren EAJ, PSE eta PP; alde, berriz, Aralar, EB eta UPyD.
Egitasmoa Gipuzkoako Ganberan aurkeztu zuen 2008ko azaroan Errausketaren Aurkako Gipuzkoako Plataformen Koordinakundeak, eta, ekainean, Gasteizko Legebiltzarrean egitasmoaren aldeko 35.000 sinadura aurkeztu zituzten.
Aurkeztutako agiriaren bidez errauste-plantak albo batera uzte aldera, hondakinen kudeaketa arautu eta atez ateko zabor bilketa ezartzeko eskaria egin zuen Errausketaren Aurkako Koordinakundeak. Sistema hori darabilte Usurbilen duela hainbat hilabete.
Bestalde, Lakuak bere ezezkoa argudiatzeko azaldu zuenez, egun indarrean diren arautegiek eta kudeaketa planek «hondakinen alorrean eskumenak dituzten instituzioen babes zabala dute».
Lege berri horren aldeko ekimeneko kideek, hondakinen tratamendurako Zubietan errauste-planta egiteko proiektua geldiaraztea dute helburu.
Erraustegiaren proiektua onartua
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko batzarrak herenegun onartu zuen errauste-planta eraikitzeko proiektua, beraz, lurrak desjabetzeko prozesuei ekingo diete. Herrialdeko mankomunitateek osatzen duten Partzuergoan San Markosekoa eta Deba Garaikoa soilik izan ziren aurka agertu zirenak.
Aurreikuspenen arabera, 2010ean hasiko dituzte eraikitze lanak eta 2013an amaituko dituzte. Zaborrak tratatzeko ekipamenduetarako 400 milioi euro bideratuko dituzte. Halere, aurretik erraustegiaren aurkako ekimenak epaitegian aurkeztutako ekinbideak gainditu beharko dituzte.
Zubietan egitekoak diren erraustegiaren lanak datorren urtarrilean hasi eta 2013an amaitzea aurreikusten dute. 400 milioi euro gastatuko dituzte horretan.