Beste hildako bat Supersur errepideko lanetan, dunperra 30 metroko altueratik jausita
Bilboko Supersur saihesbideko lanetan, 42 urteko langile bat hil zen atzo gidatzen zuen dunperra bidetik atera eta 30 metroko altueratik jausi ostean. Lan publikoa izanik, Administrazioaren ardura nabarmendu zen.
GARA |
Bilboko Supersur saihesbideko lanetan 42 urteko bilbotarra hil zen atzo, gidatzen ari zen dunperra 30 metro inguruko altueratik jausi ostean.
Osalan institutuak jakitera eman zuenez, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik langileak gidatzen zuen ibilgailua bihurgune batean bidetik irten zen eta amildegian behera jausi zen. Lurren mugimenduez arduratzen den Leken enpresarentzat egiten zuen lan eta urtebete baino gutxiago zeraman beharginak lanpostu horretan.
Istripua goizeko bederatzi eta erdiak baino lehen jazo zen Errekalde-Larraskitu inguruan, eta Osalaneko teknikariak eta Ertzaintza gertaera ikertzen ari dira.
Supersurreko lanetan gertatutako heriotza dela-eta -hirugarrena lanak hasi zirenetik- alderdi politikoek eta sindikatuek hainbat adierazpen egin zituzten atzo.
LABek Bizkaiko Aldundiak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea deitu zuen gaurko, 12.15ean, hildakoaren sendiari eta gertukoei elkartasuna adierazi, eta «Foru Aldundiko gestore publikoen pasibotasun konplizea» salatzeko.
«Gure salaketa ez da berria, lan horretan gertatutako istripu larri ugariren berri izan dugun bakoitzean salaketa egin dugu eta horrela egin genuen duela ia urtebete lan horietan Asier Irazabal gure kidea hil zenean», adierazi zuen sindikatu abertzaleak. Orduan, proiektuaren atzean dagoen Interbiak enpresa publikoa eta egitasmoaren sustatzaile den Aldundia gogor salatu zituztela gogora ekarri zuten, lan arriskuen prebentziorako neurriak betearazten ez dituztelako eta katean egindako azpikontratazioen ondorioz, «lanaldi handiak, esplotatzaileak eta arriskutsuak zilegitzen dituztelako».
Neurriak zorrozteko eskaerak
ELA sindikatuak Supersurren lanetan joan den urtean beste langile bat antzeko istripu batean hil zela gogorarazi zuen, eta horrez gain, «bere onetik ateratako aurrekontuak» dituzten egitasmoetan ere segurtasun neurrien gabezia egunerokoa dela salatu zuen.
Datorren urtean Osalanen aurrekontuak %8,6ko murrizketa izango duela gogorarazi zuen ELAk. Lan istripuak egiturazko arazoen ondorioz gertatzen direla eta horiei ez dietela heldu salatu zuen.
Hori guztia salatzeko, elkarretaratzea deitu du gaur 11.30erako Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza aurrean.
CCOO-Euskadik ere heriotza salatu, eta Supersurreko lanetako «gehiegizko lan erritmoarekin» lotu zuen. Adierazi zuenez, lanpostu horietan ohikoak dira 12 orduko lanaldiak, «presioa, nekea eta epeak betetzeko presa», eta legea betearaztearen beharra nabarmendu zuen.
UGTk lan publikoetan «tresneria eta segurtasun neurriak behin eta berriro egiaztatu behar direla adierazi zuen. Bestalde, EBk neurriak «gogortzeko» eskatu zuen, eta Administrazioari neurriak betearaz ditzan eskatu zion. Ildo beretik, prebentzio neurriak ere zorrozteko eskatu zuen Aralarrek, eta urtean «lan ikuskatze gehiago eta zehatzagoak» egin daitezela.
Alabaina, Bilbokoa ez zen atzo hildako langile bakarra izan, izan ere, Euskotreneko trenbidean beste langile bat hil zen istripuan Lezamako geltokian -4. orrialdean informazio gehiago-.
Hala, dagoeneko 69 langile hil dira lan istripuetan urtarriletik hona.