GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Avironek etxean ekingo dio Europako lehiaketari

Jon LEUNDA |

Europako lehiaketen asteburua izango da hau, eta horietan murgilduta dira Aviron eta Biarritz. Hiriburukoek jokatuko dute lehiaketa txikia, European Challenge, alegia, eta handia, Heineken Cup, Biarritzek jokatuko du.

European Challenge gaur abiatuko da eta Avironek, hasteko, multzoko aurkaririk errazena izango du, aurrean Calvisano talde italiarra izango baita Jean Dauguer zelaian. Multzoko beste bi aurkariak, London Waps eta Racing Metro, etzi neurtuko dira Ingalaterran.

Ez da multzo samurra izango. Garbi dago, gauzak espero bezala joanda, italiarrek dutela aurrera egiteko aukerarik gutxien. London taldea da, berriz, multzoko faboritoa. Europako talderik indartsuenetakoa da. 2004ean eta 2007an irabazi zuen Heienekn Cup, eta Challenge-a, berriz, 2003an.

Iazko urtea, ordea, txarra izan zen ingelesentzat, eta aurten hori hobetu nahi dute, eta horretarako egin dute taldea. Beraiek dira multzoko faboritoak, baina hori gero ikusi beharko da, bai Racingek, bai eta Avironek ere zeresana izango baitute.

Izan ere, lehen fase honetan launa taldek osatutako bost multzo izango dira. Horietako txapeldunek final-laurdenetako txartela eskuratuko dute, eta bigarren geratzen diren hiru onenek ere bai. Beraz, bigarren geratzeak ere saria izan dezake, baina horretarako puntu asko batu behar dira.

Dena dela, lehiaketa honek ez du aparteko garrantzirik ez Ingalaterrako ez Frantziako ligan dabiltzan taldeentzat, ez eta zaleentzat ere. Hala, liga horietako taldeek, normalean aritzen ez diren jokalariei minutuak emateko baliatzen dute lehiaketa hau.

Aurrez aipatutako guztia egiaztatzeko gaur Jean Dauguer zelaira joatea besterik ez dago, harmailetan ez baita aparteko jenderik izango, eta lekua soberan izango da. Harmailen erdiak baino gutxiago beteko dira, nahiz eta zuzendaritzak sarrerak merke jarri dituen.

Jokalariei dagokienez, hamabostekoa ezagutzera eman ez badute ere, normalean aritzen ez direnek izango dituztela aukerak baieztatu zuen atzo Richard Dourthek taldeko zuzendari teknikoak.

Aurkaria, ustez multzoko ahulena da, baina kontuz ibili behar da. Iaz honelako partida bat galdu zuten baionarrek etxean, eta sekulako kalapita izan zen talde zuri-urdinean. Beraz, tentuz ibili beharko dute, Calvisanokoek bai baitakite galtzeko ez dutela ezer eta irabazteko berriz, asko. Zuri-urdinak Ligako azken bi partidak galduta datoz, eta garaipen batek indarra berreskuratzeko balioko die.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo