ESZENAK
Zergatik antzerkia?
Bizirik eta etengabeko mugimenduan murgildurik dagoen lanbide edota bizi filosofia honetako ur nahasietan bizi garen marinelok, sarritan erantzun behar izan diogu «zergatik antzerkia?» galderari. Izan ere, gure lanbide honetan, sekula ez dago segurtasunik, ez dago inoiz lur egonkorrean luze geratzerik itsaso nahasia izaten baita eta gehienetan, ez dago hurrengo egunean zopa beroa hartzeko portua topatuko ote den jakiterik ere. Eta ez hori bakarrik, publikoak ordubete soilean ikusten duen lan arin horren atzean, sekulako lan taldea eta lana izaten da. Hiru hilabetetako entsegu lana, pozak eta sufrimenduak eta bidaia anitz. Izan ere, barraskiloek bezala, etxea soinean eraman behar izaten dugu sarritan, lur finkoa zapaltzeko astirik izan gabe kasik. Herri batera heldu, antzokia bilatu, guztia muntatu, antzeztu, guztia desmuntatu eta berehala ospa egiten baitugu, berriz ere beste herri eta antzoki batera. Eta hau guztia jakinda, zer dela-eta iraunkorra ez den antzerkia egin nahia?
Tim Robbins aktore, zinema eta antzerki zuzendariak George Orwell-en liburuan oinarrituta sortutako «1984» antzezlana izango dugu Arriaga antzokian hilaren 6 eta 7an; 10 eta 11n, berriz, Gasteizko Principal antzokian. Askatasun indibiduala, gobernuaren izu bidezko kontrola eta egungo intimitate falta aldarrikatzen dituen antzezlan honetako zuzendariaren hitzak erabili nahi nituzke, eternala den galdera honi erantzun posible bat emateko. Izan ere, hainbeste zinema egin eta zuzendu duen gizon honek, beste aktore talde batekin batera Actor´s Gang abangoardia antzerki taldea sortu zuen 1981. urtean. Eta maisu honek zinema eta antzerkiaren arteko desberdintasun benetan ederra eskaini digu. «Filmak eta abestiak konprimitu egiten ditugu eta horrek soinuan eragina dauka, ez dauka zuzeneko musikarekin zerikusirik. Zinemarekin eta antzerkiarekin beraz, gauza bera gertatzen da; antzerkia zuzenekoa izanik, biziagoa da, hunkigarriagoa, benetakoagoa».
Antzerkia ikusten ari garen unean gertatzen ari baita beti, ez dago atzera, ezta aurrera egiterik, errepika ezina da, orain eta kito. Lore baten moduko zerbait da, zabaldu, usaina eman eta hil egiten dena. Antzerkia, beraz, lore eder bat bezalakoa da, jaiotzeko hiltzen dena. Eta loreei buruz ari naizela, «Babiloniako Loreak» antzezlanaren estreinaldia izango dugu gaur Amorebietako Zornotza Aretoan. Antzerkiola Imaginarioa taldeak duela bost urte aurkeztu zuen bere azken lana eta ikerkuntza lan sakona egin ostean, lurra landu eta hazia ondo ureztaturik, lore berri bat aurkeztu nahi digu oraingo honetan. Eta loreen kantu iragankorrari, hondarra bezala, hatz artean eutsi nahian, Santurtziko nazioarteko festibala ere gure artean izango dugu hilaren 23an hasi eta azaroaren 28 bitartean. Bertan, ikuskizun asko ikusteko aukera izango dugu, hala nola Ez dok hiru bikorteatroaren «Euskarazetamol», Txalo taldearen «Las Vacaciones de Josefa» eta lore berri batekin berriro jaio zaigun Hika Teatroa ere bai, «Aitarekin bidean» antzezlanarekin.
Eta hainbeste gorabehera izanda ere, zergatik antzerkia? Tim Robbins-engana joko dut berriz ere. «Sentitzen eta pentsatzen dena egin eta esan behar du pertsona batek, izan ere, nork bere barruko ahotsa isilaraziz gero, zer geratzen da?».