GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekitaldiz gainezka dator Durangoko jaietako egun bereziena

Egun berezia da durangarrentzat San Fausto eguna, eta goizean goizetik igarriko dute hori bertaratzen diren guztiek. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte, baina aipagarrienak urteen poderioz tradizioa bilakatu diren paella txapelketa, herri bazkaria edo arratsaldeko Mañaria errekaren jaitsiera dira. Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Xabi Paya bertsolariek eskainiko duten balkoitik balkoirako ikuskizuna ere ez galtzeko modukoa izango da.

p019_f03.jpg

GARA | BILBO

Durangarrentzako jai egunik bereziena da gaurkoa, San Fausto eguna, hain zuzen ere. Asteburua luzea izan den arren, festei izena ematen dien patroiaren eguna gogotsu eta ekitaldiz gainezka ospatuko dute. Atzo Gazte Eguna antolatu zuten urriaren 12a zela kontuan hartuta prestatutako egitarauarekin. Hala ere, ondo pasatzeko aukera izango da gaur ere.

Goizean goiz hasiko da festa giroa, eta bertaratzen direnek kaleko mugimenduan igarriko dute, batez ere. Jai egun guztietan bezala, diana eta zezenak izango dira, txistulari eta dultzaineroek lagunduta, 7.00etatik aurrera. Umeentzako unea helduko da ondoren, goiz osoan zehar haur parkea egongo baita Ezkurdin -euria egiten badu San-Antonio-Santa Rita ikastetxeko patioan izango da-.

Herriko gune batean zein bestean egiten dituzten bazkariak bihurtzen dute San Fausto eguna durangarrentzat berezi. 12.00etatik aurrera San Fausto auzoko paella txapelketarekin hasiko da. Herritar guztiek parte har dezakete, baina kontuan izatekoa da erabili beharreko tresna eta osagaiak beraiek eraman beharko dituztela, arroza izan ezik, antolatzaileek banatuko baitute.

Adineko durangarrek ere janariaz gozatzeko aukera izango dute, Landako gunean beraientzat antolatutako bazkarian. Pinondon bestalde, txosnen batzordeak herri bazkaria egingo du. Beraz, ez da gosez geratzeko aitzakiarik izango.

Bazkaldu aurretik, ohorezko aurreskua eta artopilen banaketa izango dira Udaletxeko plazan, eta horren ondoren «Dantzari Dantza» eskainiko dute Kriskitin taldeko kideek.

Arratsaldeko ekimenik arrakastatsuena Mañaria errekaren jaitsiera izan ohi da. Herrian erroturik dagoen ekitaldia da, eta Pinondora hurbiltzea besterik ez dago hala dela ikusteko, erreka inguruak jendez gainezka egoten baitira.

Umeentzako ekitaldi ugari izango dira: potokak, trapezio ikuskizuna, zirku tailerra eta txokolate jana, esaterako.

Bestalde, 19.00etan balkoitik balkoira arituko dira bertsotan Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Xabi Paya. Ordu erdi geroago berriz, poteoa egingo dute Alde Zaharretik Orkestraren doinuekin lagunduta.

Atsedena, ostiralera arte

Lau egunetan zehar luzatutako asteburua jai giro betean igaro ondoren, atsedena hartuko dute Durangon, urriaren 16an indarrak berrituta bueltatzeko. Festetako bigarren eta azken asteburua izango den horrek ere ondo pasatzeko hainbat aukera eskainiko ditu.

Ezkurdin erromeria doinuak zabalduko ditu Aiko taldeak ostiralean, hilak 16, eta txosnetan The Riff Truckers eta Tres 41 taldeek eta Lor elorrioarrek kontzertua joko dute. Emanaldi aipagarriena ostera, Andra Mari elizpean egitekoa den Bertso Jazz emanaldia izango da. Andoni Egaña, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak hainbat musikari alboan dituztela hitzak eta doinuak inprobisatzen arituko dira.

Urriaren 17an bukatuko dira festak, Mozorro Egunarekin. Jaietako ekarpen ekonomiko handiena eskatu duen ekitaldia izango da larunbatean, El Sueño de Morfeo talde asturiarrak joko baitu Landako gunean, Nahixan taldearekin batera.

Txosnetan berriz, Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna izango da arratsaldean, eta gauean Brankan, Banda Batxoki eta Kop talde kataluniarraren kontzertua izango dira.

Igandea jaien bukaera eguna izango da, eta 19.30etik aurrera Patxikotxuri agur esango diote, hurrengo urtera arte.

ASTEBURUA

Kontzertu indartsuenak astebururako utzi dituzte. Ostiralean Lor arituko da txosnetan, eta larunbatean Kop eta Banda Batxoki. Egun berean El Sueño de Morfeo talde asturiarrak joko du Landakon.

bertso jazz

Urriaren 16rako Bertso Jazz ikuskizuna prestatu dute Andra Mari elizpean. Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio hainbat musikarirekin batera arituko dira hitzak eta doinuak inprobisatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo