GARA > Idatzia > Ekonomia

Aldaketa sozialaren bidean, Gasteizkoa indarrak biltzeko hitzordua izango da

Herria Abian! herri ekimenak hitzordua jarri die larunbatean, Gasteizen, beste eredu sozioekonomiko baten alde lan egin nahi duten norbanako zein taldeei. Euskal Herriak, burujabetza ekonomikoa eta ekonomiaren demokratizazioa behar dituela nabarmendu zuten atzo.

p025_f02_097x072.jpg

Iker BIZKARGUENAGA

Irailean iragarri bezala, Herria Abian! ekimenak ikasturte honetako lehen asanblada orokorra egingo du larunbat honetan, Gasteizen, eta atzo hainbat esparrutan lanean aritzen diren hainbat lagunek agerraldia egin zuten Arabako hiriburuan biltzarrean parte hartzera deitzeko. Hitzordua 10.30ean da, Aldabe gizarte-etxean, eta bertan heldu diren hilabeteotako lan dinamikak zehaztuko dituzte, betiere aldaketa sozialaren bidean indarrak metatzeko xedearekin.

Agerraldian hitza hartu zuten lagunek gogora ekarri zuten iragan ekainaren 13an Bilbon ospatutako jardunaldietan, «instituzioak, politikariak, patronala eta bankuak» jo zituztela gaur egun bizi dugun egoera gordinaren erantzule, eta, kapitalismoaren «eraso honi aurre egiteko», beharrezko jo zutela langile klasearen antolakuntza.

«Euskal Herriak eta herri honetako langile klaseak eredu ekonomikoaren aldaketa sakona eta gure etorkizuna, esparru sozioekonomikoan ere bai, erabakitzeko tresnak behar genituela ondorioztatu genuen», aipatu zuten, nabarmenduz ekaineko diagnostiko hura indarrean dagoela egun ere. Are gehiago, lan arloko eskubideak eta eskubide sozialak murrizteko prozesua indartu egin dela salatu zuten.

Testuinguru honetan, instituzioek krisiari aurre egiteko aitzakiaz hartutako neurriak kritikatu zituzten, hala nola diru publikoaren banaketari zein zerga politikari dagokionean. Ildo horretan, instituzioak kudeatzen dituzten alderdien, eta oposizioan egonda «joko arauak» zalantzan jartzen ez dituztenen jarrera gaitzetsi zuten, eta baloratu zuten Euskal Herriaren «burujabetza ekonomikoa» eta «ekonomiaren demokratizazioa» direla lortu beharreko xedeak.

Elkarrekin lan egiteko lekua

Hori guztia lortzeko, Herria Abian! ekimeneko kideek «indarrak metatzeko eta aktibatzeko unea» dela uste dute, eta, alde horretatik, egoera prekarioan dauden talde, norbanako eta sektoreei bakoitzak bere eremutik aldaketa soziala bultzatzen jarraitzeko eskatu zieten. Horrez gain, gogora ekarri zuten elkarrekin lan egiteko bilgune bat eskaintzen dutela.

Aldaketaren bide horretan, larunbatean mugarri berri bat jartzeko asmoa dute Gasteizen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo