GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joseba Garitaonaindia Antsoategi | Arrasate

Anaia quebectarra

Irailaren amaieran berri triste bat iritzi zaigu Quebecetik. Pierre Falardeau zinemagile, hizlari eta militante independentista gaixotasun luze baten ondoren zendu dela.

Oso zaila egiten zait hitz batzutan haren ibilbide guztia aipatzea. Militante nekaezina izan zen Pierre, etxean gaztetatik pairatu izan zuen Kanadako kolonizatzaileen errepresioa eta bere bizitza osoan Quebeceko askatasunaren alde borrokatu zuen, zinemagile izanik bere lanbidetik etenik gabe salatu zuen Quebecek bizi duen okupazioa, eta horren ondorioa dira utzi dizkigun film guztiak eta liburuak, non argi utzi dituen bere pentsaera eta askatasunaren aldeko konpromisoa.

Baina Quebecek askatasuna lortzeko daraman borroka ez zen bere esparru bakarra, munduko herri zapaldu guztiak zituen gogoan, eta denentzat zeukan leku bat, baita bere atxikimendua ere. Ondo zekien zer den askatasunik gabe bizitzea eta askatasunaren alde borrokatzen dabiltzan munduko militante guztiak zituen gogoan, anaiatzat zituen guztiak.

Pierrek etxea eta bihotza ireki zizkidan parez pare, bere atea beti egon zen irekita euskaldunontzat, oso gertutik jarraitzen zuen gure herriak askatasuna lortzeko daraman etengabeko borroka eta miresten gintuen.

Bere eskuetara euskal preso politikoen argazkiez osatutako kartel erraldoi bat heldu zen 90eko hamarkadan eta, kartelari erreparatuz, honela esan zien zuzentzen ari zen film bateko aktoreei: «Ikusi pertsona hauen argazkia, beraien borroka eta askatasun eza islatu behar duzue pelikula honetan». Honelako pasarteak badira gehiago ere, baina guztiak aipatzeak luze joko luke.

Plazer handia izan zen Pierre ezagutzea, berarekin iritziak elkar trukatzea, ordu luzez berarekin hitz egiten egotea; bi hitzetan, berarekin bizitzea.

Gaur Pierreri gero arte esatea suertatzen zait, hitzordua jarria genuen Euskal Herrian elkarrekin egoteko bai iaz eta bai aurten ere, baina ez da posible izan. Hala ere, ongi dakizun bezala, Pierre, beti egongo zara gure alboan. Mikel Laboak abesten zuen «Izarren hautsa» abestiarekin uzten zaitut. Besarkada Quebeceko kide eta senideei.

Gora Quebec askatuta! Gora Euskal Herria askatuta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo