Ibon Artola «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kidea
Burgesia, faxismoa, errepresioa eta gerra zikina
Poliziaren errepresioa eta talde faxisten erasoak bultzatuko ditu euskal burgesiak langileen aurka langileon borrokak handitzen doazen heinean. Horregatik, Jon Anza non dagoen galdetzea langile klasearen erakunde eta sindikatuen lana ere badaPasa den mendeko 30eko hamarkadako krisi ekonomikoan, 1929ko crackaren ondoren, hainbat lekutan burgesiak faxismoa erabili zuen krisiaren ondorioz altxatutako langile mugimendua suntsitzeko. Langile erakundeak ilegalizatu eta milaka langile erailtzeaz gain, herri zapalduen eskubideak are gehiago erreprimitu zituzten. 1936ko Frankoren altxamendu faxista ere kapitalistek eta lur jabe handiek antolatua izan zen. Altxamendu hura antolatu eta frankismoaren urte luzeetan diktadura babestu zuen burgesia espainiarrak jarraitzen du gaur egun ere botere ekonomikoa eta politikoa izaten, estatu aparatua kontrolatzen eta legegintzaldi bakoitzeko gobernuak maneiatzen.
Baina honetan guztian zein leku du euskal burgesiak? Altxamendu faxista hasi zenean, euskal kapitalisten alderdia den EAJk zein adierazpen egin zituen jakiteak asko esaten digu. Nafar Buru Batzarrak, Nafarroako EAJren zuzendaritzak, hauxe esan zuen: «EAJ, bere ideologia katoliko eta foruzale sutsua dela-eta, ez da elkartu eta ez da elkartuko Gobernuarekin (errepublikarra) borroka honetan». Araba Buru Batzarrak, berriz, «EAJren Arabako eskualdeko kontseiluak, anaia arabarren arteko borroka fratrizidak eta odol isurketak saihesteko interesarekin (...), bere afiliatu guztiei (...) eratu berri diren autoritate militarren eta ordezkarien eskura jar daitezela eskatzen die».
Gorteetan ziren EAJko Javier Landaburuk eta Manuel Ibarrondok honako manifestu hau bultzatu zuten: «Espainiako gobernazioa igarotzen ari zen baldintzek hiritarrak hondamendi moralera eta materialera zeramatzatela ikusirik, borondate oneko gizon batzuek, euren patriotismo sanoak bultzatuta, erregenerazio espiritual eta materialerako Gurutzada bat egitea erabaki dute. (...) ez dago dudarik, eta are gutxiago euskal nazionalista batentzat, komunismoak emango ez liokeen eta herri honek lortu nahi duen askatasun minimoa nahi duenarentzat... gure lagun nazionalistak bultzatzen ditugu halako altxor preziatua defendatuko duten horiei oztoporik ez jartzera (...) eta elkarrekin gora Espainia oihukatzera...».
Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera, berriz, Bizkai Buru Batzarrak azaldu zuen: «Erabaki bat hartzea aurreztuko zigun berri bat entzuteko itxaropena nuen, bando batek edo besteak irabazi izanarena... Gobernu errepublikarrari babesa ematea erabaki genuen (...) gogo handiegirik gabe (...), jakinda beste bandoaren alde irteten baginen, gure militantzia aurka jarriko zitzaigula...». PNV hasieratik jarri zen faxisten alde Araban eta Nafarroan, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, militantziarenganako beldurrak eta altxamenduaren aurka langile klaseak erakutsitako indarrak eraman zuen kontrako erabakia hartzera. Azken finean, zein bandok defendatzen zituen EAJren eta euskal burgesiaren interesak? Eskubide demokratikoen eta langile mugimenduaren alde egiten zuenak edo kapitalisten interesak defendatzen zituenak? Bigarrenak, noski.
Gaur, kapitalisten bandoan egon ziren talde faxistek, tartean Falangeak, herriko tabernei, hildako errepublikarren oroimenari, Guardia Zibilak torturatu eta eraildako Joxi eta Joxeanen oroitarriei, ezkerreko militanteei eta etorkinei egiten diete eraso eta mehatxu. Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioen aurkako errepresio ankerra, Remi Ayestaranen heriotza eragin zuen Ertzaintzaren jazarpen basatia, Alain Berastegiren bahiketa eta tortura, Jon Anzaren desagerpena... eta, bitartean, talde faxistek inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute. Hori ez da kasualitatea. Erakunde faxistak ez dira lau eroz osatutako taldeak; burgesiak diruz laguntzen ditu eta bere interesak arriskuan jartzen dituztenen aurka eraso egitera animatzen ditu. Burgesiak kontrolatzen duen estatu aparatuan ere jakina da afiliazio faxista duten pertsonak daudela, batez ere armada espainiarrean eta kolore ezberdinetako indar polizialetan.
Poliziaren errepresioa eta talde faxisten erasoak bultzatuko ditu euskal burgesiak langileen aurka langileon borrokak handitzen doazen heinean. Horregatik, hilabeteak desagertuta daramatzan Jon Anza non dagoen galdetzea langile klasearen erakunde eta sindikatuen lana ere bada. Kasu honek Joxi eta Joxeani gertatutakoa gogorarazten du, gerra zikinaren garaiak hain zuzen. Beharrezkoa da, beraz, langileen erakundeek ere talde faxisten inpunitatearen, Ertzaintzaren errepresio basatiaren eta euskal herritarren bahiketen aurka borroka egitea eta, egunotan gertatu bezala, antolatzen diren ekintza eta mobilizazioei babesa ematea.