Maider Eizmendi Kazetaria
Beti entzun nahi dena esanez
Laudorioak entzutea atsegina da; norberaren lana errekonozitua dela jakitea ere bai, batzuetan egindako esfortzuak merezi izan duela esan behar izaten digute guk sinistu eta berriz ere lanean jarraitzeko. Pertsona ederra zara entzutea gustuko ez duenik ez dela uste dut, baina batzuen eta besteen ahotik jasotzeak alde ederra du. Zuri polita zarela esan, hurrena datorrenari ere bai, eta ondoren inguratu denari... Zenbat alditan ez duzue topatu itsusi-politik ez duen pertsona horietako bat parean?
Orain bi aste Donostian zientzia bilkura garrantzitsua ospatu zen eta han izan zen Patxi Lopez lehendakaria. Ikusteko dago oraindik legegintzaldian hartuko dituen neurrien norabidea, baina hitzekoa bada, zientzialarien bizimoduak asko aldatu beharko luke. Bai, zientzia kongresuaren irekiera ofizialari hori zegokion, zientziaren balioa eta zientzialarien lana goraipatzea eta asmoa hori bazen, lortu zuen, kanpotik bertaratutako zientzialari asko txundituta utzi baitzituen zientziaren alde egindako diskurtsoarekin. Lehenengoz Ibarretxek berdintasunaren aldeko mezu ozena egin zuenean bezalaxe seguruenik. Urteak eta legealdiak joan zitzaizkion, ordea, eta apenas eraginkorra den Berdintasun Legeaz haratago ezer gutxi aldatu da emakumeek bizi duten diskriminazio egoeran. Hark ere bazekien zer eta non esan behar zuen, ordea.
Beste hainbeste Patxi Lopezek; ikerketari eta goi mailako heziketari bitarteko gehiago emateko promesa egin zuen. Boterera iristen diren politikarien lehen lezioa da: «Esan bakoitzari entzun nahi duena, gero ematen badiozu ondo, ematen ez badiozu, gutxienez eroso sentiaraziko zaituen unea biziko duzu».
Horregatik haien etsairik handienak artxiboak dira, han eta orduan hain modu lasaian bota zuen promesa hemen eta orain jartzen dietelako begien parean. Ez dira larritzen, horretan ere ikasiak direlako, baina seguru nago laborategietan, goizetik gauera, apenas errekonozimendurik gabe, lan egiten duten ikerlari askok oso gogoan hartuko zituztela bere hitzak.
Honi polita zara, besteari ere polita dela, hurrengoari ere polita dela... esaten jarduten duen horiei bezala gertatuko zaio. Azkenean, etxera esku hutsik itzuli behar.