GARA > Idatzia > Kultura

Galeuscak indarberrituta jarraituko du lanean

Arantzazun ospatu da pasa den asteburuan XXVI. Galeusca. Bertan bildutako idazle galego, katalan eta euskaldunek atzo aurkeztu zituzten jardunaldi hauetatik ateratako ondorioak. Jabetza intelektual eta eskubide profesionalen defentsan jarraituko dutela adierazi zuten.

p041_f01_148x88.jpg

GARA | DONOSTIA

«Hizkuntza txikiak, erronka handiak» izan da XXVI. Galeusca jardunaldien leloa. Idazle euskaldun, katalan eta galegoek (AELC, AELG eta EIE elkarteek) parte hartu duten eztabaiden ondorioak atzo eman zituzten jakitera Arantzazun.

«Galeusca Federazioan biltzen diren hiru kultura nazionalen garapenean positiboki edo negatiboki eragiten duten ekimenen defentsa edota salaketa publikoa ziurtatzea», horixe izango da izendatuko diren hiru bokalek izango duten eginkizunetako bat. Izan ere, egitura antolatzailea indartu asmoz, Galeusca Federazioko partaide den elkarte bakoitzeko bokal bat egongo da hemendik aurrera.

Jabetza intelektual eta eskubide profesionalen defentsan, berriz, honako aspektuetan jarraituko dutela adierazi zuten: «Elkarteen eta editore katalanen artean hitzartutako kontratu tipoak positiboki baloratuko dira, eta bere zabalkundea eta etorkizuneko erabilera gomendatuko dira. Jabetza Intelektualaren Legearen berrikusketa aztertzen duen azpibatzorde parlamentarioaren ekintzetan batera eragingo da. Federazio gisa, eta European Writers' Council elkartearen bidez, jabetza intelektualaren inguruko legedi eta zuzentarau europarraren eztabaidetan parte hartzea proposatuko da, batez ere esparru digital, liburu elektroniko, eta euskarri berrien inguruan».

Bestalde, adierazpen askatasunaren defentsan jarraituko dutela gaineratu zuten eta «Egunkaria» kasuan inputatuta daudenei elkartasuna adierazteaz gain, kasua artxibatzeko eskatu zuten. Galizian, Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian egitekoak diren hizkuntz eskubideen aldeko mobilizazioekin bat egiten dutela azaldu zuten. Amaitzeko, honakoa esan zuten: «Galiziako Gobernuak hizkuntz normalizazioaren inguruan gauzatu dituen ekintza atzeragarriak baztertzen ditugu».

PRESIDENTE BERRIA

Galeusca sortu zenetik Guillem Jordi Graells katalana izan da presidentea. Aurten Cesareo Sanchez Iglesias AELGko presidenteari emango dio lekukoa eta hemendik aurrera urtero aldatuko da.

KULTURA NAZIONALA

«Galeusca Federazioan biltzen diren hiru kultura nazionalen garapenean positiboki edo negatiboki eragiten duten ekimenen defentsa edota salaketa publikoa ziurtatzea» izango da betebeharretako bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo