GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ekonomia ez da «gizonezkoen esparrua»: Nobel sari baten balio bikoitza

Urtero bezala, aurten ere Nobel sariek, batzuek besteek baino gehiago, jaso dituzte kritikak, batzuetan Akademiak, bere irizpideak direla-eta, bere sinesgarritasuna kolokan jarri izan baitu. Atzo jakinarazi zutenez, Ekonomiaren Nobel saria Elinor Osromi ematea -Oliver Williamsonekin batera-, ordea, txalogarria da. Osrom sari hori jasotzen duen lehen emakumea da-eta. Sobera jakina da ekonomiaren munduan badirela balio handiko emakumeak, baina nolabait ezkutuan dira, eta Ekonomiako Nobel saria emakume horrek jasotzea errealitate hori agerian jartzeko modu bat da. Esanguratsuak izan dira ekonomiaren munduko hainbaten adierazpenak, Osromen lanak ezezagunak direla esanda. Uste izatekoa da horrelako aitorpena jasotzen duen edonork baduela kontuan hartzeko gaitasuna bere arloan, kasualitatea ote da hainbat ekonomialarik saridunaren lanik ez ezagutzea... emakumea denean, hain zuzen? Edo mundu hori «gizonezkoen esparrua» den seinale? Esan bezala, Nobel sariek badute polemikarako tarterik, baina baita Ekonomiaren Nobel sariarekin bete-betean asmatu dutela aitortzekoa ere, inoiz baino emakume gehiagok sariak jaso dituztela ahaztu gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo