Larretxea, Sueskun eta Mendinueta, Parisera eraman zain
Datozen orduetan Parisera, SDAT zerbitzuaren egoitzara, eramango dituzte larunbatean eta igandean Polizia frantsesak ETArekin zerikusia dutelakoan atxilotu zituen hiru euskal herritarrak. Atzo iluntzean Ibai Sueskun Baionako polizia-etxean atxilotuta zuten oraindik eta, Iurgi Mendinueta eta Joanes Larretxea, aldiz, Montpellierren zituzten. Gainera, atzo goizaldean Guardia Zibilak Larretxearen gurasoen etxea miatu zuen Hernanin, bi ordu eta erdiz.
GARA
Larunbat arratsaldean Lescunen Polizia frantsesak atxilotu zuen Ibai Sueskun gazte nafarra Baionako polizia-etxera eraman zuten atzo arratsaldean, tiro batek eskuan eragin zion zauria sendatzeko ospitalean ebakuntza egin ostean. Aldiz, igandean Montpellier inguruan Guardia Zibilak eta Polizia frantsesak atxilotu zituen Joanes Larretxea hernaniarrak eta Iurgi Mendinueta donostiarrak bertako polizia-etxean jarraitzen zuten atzo, naiz eta iluntzean Parisera berehala eramango zituztela aditzera eman zuten. Goizaldean, gainera, Guardia Zibilak Larretxearen gurasoen etxea miatu zuen bi ordu eta erdiz Hernanin.
ETAko kideak izatea leporatzen dieten Larretxea eta Mendinueta Rivieres herri frantsesean atzeman zituzten, antza zulo bat ikuskatzera zihoazen unean. Barne Ministerio espainolak atzo aditzera eman zuenez, aipatu zulo horretan sei arma eta bonbak fabrikatzeko lehergaiak zeuden. Atxilotu zituzten unean bakoitzak pistola bana zeraman, eta, horrez gain, dokumentazio faltsua, material informatikoa eta lehergaiak egiteko bitartekoak ere bazituzten soinean.
Estatu frantseseko iturrien arabera, zuloa aspaldidanik zuten kontrolpean polizia indarrek, eta horregatik atxilotu ahal izan zituzten igandean Larretxea eta Mendinueta. Barne Ministerio espainolaren arabera, ordea, Polizia frantsesak eta indar polizial espainolek Estatu frantseseko hegoaldean duten presentzia eta kontrolaren ondorioz eman dira atxiloketak.
Miaketa Hernanin
Zehazki, informazio agentziek atzo esandakoaren arabera, Riviereseko zuloan honako hauek aurkitu ditu poliziak: lau arma motz, pentrita, tenporizadoreak, lehergaientzako soka, trokelatzeko makina bat eta matrikulak.
Polizia frantsesak 96 orduz manten ditzake inkomunikazio egoeran hiru euskal herritarrak, eta atzo Parisera berehala eramango zituztela aurreratu zuten arren, gauerdian Larretxea eta Mendinueta Montpellierreko polizia-etxean zituzten oraindik eta Larragako Ibai Sueskun, aldiz, Baionakoan. Eskuan ebakuntza egin ostean, atzo jaso zuen medikuaren alta Sueskunek eta, hori baliatuta, polizia-etxera eraman zuten zuzenean arratsalde partean.
Montpellierreko atxiloketak eman eta ordu batzuetara, hain zuzen ere gauerdian, Guardia Zibila Hernanira bertaratu zen. Gauerdian hasi eta 2.30ak arte, Joanes Larretxearen gurasoen etxea miatu zuten. Larretxearen gurasoek GARAri azaldu ziotenez, hamabost guardia zibil baino gehiago sartu ziren arrapaladan gauerdian miaketa egitera, eskuan armak zituztela. Gela guztiak gainbegiratu ostean, epaitegiko idazkari judiziala bertaratu zen beste hainbat guardia zibilekin miaketa hasteko. Bi ordu luzez gelak banan-banan miatu zituzten, gurasoak sukaldean mantendu zituzten bitartean. Euren laneko ordenagailuak eramateaz gain, argazkiak, musika CDak eta telefono zenbakiak zituzten agenda guzti-guztiak eraman zituen poliziek.
Polizi iturrien arabera, ETAren aurkako ustezko operazioak irekita jarraitzen du, baina bestelako zulorik ez dutela topatuko ere nabarmendu zuten atzo.
Bestalde, larunbatean Alacanteko Confrides herrian Guardia Zibilak aurkitu zuen zuloko edukia sakon aztertuko dutela azaldu zuten atzo polizia iturriek. Izan ere, material hori aurkituko beste material batzuekin alderatu nahi dute polizia indarrek antzekotasunik topatzen duten ikusteko. Confridesen 10 kilo lehergai, sei tenporizadore, detonagailuak eta bestelako materialak aurkitu zituela eman zuen jakitera Guardia Zibilak.
Igande arratsaldean, atxilotu bezain laster, Donostiako Alde Zaharrean eta Hernanin herri batzarrak eta manifestazioak egin zituzten Iurgi Mendinueta eta Joanes Larretxearen atxiloketak salatzeko. Hala, igandean hamarka lagunek hartu zuten parte Donostiako manifestazioan eta laurehun bat lagunek, aldiz, Hernanikoan. Atzo ere beste horrenbeste egin zuten, eta atxiloketek iraun bitartean egunero batzarrak eta manifestazioak egingo dituzte Hernanin. Larragan ere, Ibai Sueskun gaztearen herrian -GARAko atzoko alean bere anaia Gorka preso dagoela esaten zen, baina orain dela hilabete batzuk geratu zen aske-, hainbat salaketa ekintza egin dituzte.
Bestalde, egunero bezala, atzokoan ere mobilizazioak izan ziren hainbat herritan euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta euren Euskal Herriratzearen alde. Hala, Bermeon hamabost lagunek elkarretaratzea egin zuten, eta, Euban, zortzik. Ondarroan, aldiz, astelehenero bezala, 60 lagunek egin zuten protesta; Zaldibarren 20 izan ziren, Ataun eta Zaldibian bezalaxe. Berangon, ostera, 16 lagun elkartu ziren eta beste hainbeste Donostiako Altzan eta Añorgan. GARA