GARA > Idatzia > Kultura

Oier Guillanen «Eskuen sustraiak» olerki liburua eman du argitara Susak

p042_f01_97x92.jpg

A. BILBAO | DONOSTIA

Oier Guillanek «Eskuen sustraiak» olerki liburua plazaratu berri du Susa argitaletxearekin. Oreretarrak emanak zituen olerkiak aurretik ere, lehiaketetan edo Mikelazulorekin autoedizioan, baita Arabako Aldundiak kaleratutako «Ate hautsiak» bakarkako bere lehen lanean ere. Horrez gain, antzerki arloan «Munduko jakintsurik tontoena» argitaratu du aurten Mikelazuloren eskutik.

Mikelazulon makina bat lan egindakoa da Guillan (Poesia Astea antolatu, besteak beste), orain hamabost urte lagun batzuekin olerki fanzine bat plazaratzen hasi zenetik hona. «Ordutik poesia errezitaldiak barra-barra egin ditugu, batez ere beste arte diziplina batzuekin elkartuta», esan digu. Hortik, antzerkira jo du.

Poesia sozializatu

Irakurle gisa txikitatik izan du literaturarekiko joera, eta poesia ere goiz hasi zen idazten. Alta, inflexio puntu bat izan zuen poesia sozializatu eta partekatzen hastean. Liburuak -Idoia Beratarbide ilustratzaileak egin du azala-, bizitzaren zikloei buruz hitz egiten du; «azken hamabost urtetan bizitako gauzei buruz idatzi dut», esan digu Guillenek, olerkiak azken urte eta erdian sortuak badira ere.

«Eskuen sustraiak» poesia liburuan «titulua da gehien kostatu zaidana, editoreak eta lagunak zoratzeraino», autoreak berak aitortu digunez. «Liburua bukatu ostean konturatu naiz zikloak niretzat pertsonekin osatuak daudela. Liburuan pertsona asko azaltzen dira, bai keinu ezkutuetan bai agerikoetan». Horrekin lotzen ditu Guillanek eskuak -espresio, giza harreman...- eta, zikloa lurrari eta ereite prozesuari lotua dagoenez (ildoetan eta...), «habitatua dagoen liburu bat da honakoa». Eta eskuak pertsonak badira, «sustraia zerk motibatzen dituen (lana, ametsak, sorkuntza) izango litzateke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo