GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Luis Bandres EHUko irakaslea

Itzalaldi analogikoa

Gai honetan kontuz ibili behar da; izan ere, datorren itzalaldia dela eta, kontuan izan behar da egokitze horietako asko legez kanpoko instalatzaileek egiten dituztela

Gauza jakina denez, bi bide daude telebista ikusteko: analogikoa eta digitala. Lehenengoan seinalea halakoxea da, hau da, analogikoa. Hauxe esan nahi du horrek: telebistaraino antenatik datorren seinalea igorleak bere telebista-estudioetan grabatu edo kopiatutako bera dela. Telebista digitalean, aldiz, igorleak bidali baino lehen seinale hori pusketatan zatitu egiten du eta digitu batzuk (0 eta 1) bidaltzen ditu antenaraino irudia eta soinua osatzeko. Beraz, zeharo bide ezberdinak dira. Hasierako telebista analogikoa zen eta ez zegon besterik. Gero, denboran zehar, pixkanaka beste teknologia indarrean jarri zen. Seinale analogikoa emititzeari uztearekin («itzalaldi analogikoarekin», alegia) beste teknologiak, digitalak, indar hartu zuenean, zenbait aukera eta erraztasun nabarmendu ziren: Wi-Fia, Interneta hobeto erabiltzeko era... Izan ere, banda-zabalera handiagoa dago. Eta hauxe zen analogikotik digitalera aldaketa egiteko zio nagusia.

Europako Batzordeak urrats hori egiteko, hau da, itzalaldi analogikoa egiteko, 2005eko maiatza proposatu zuen baina, egoera ikusita, azkenean 2012 aukeratu da herrialde guztietan analogikoaren azken datatzat. Hala ere, herrialde batzuek (Alemaniak, Suitzak...) bukatuta daukate aldaketa hori. Beste batzuk bidean daude, besteak beste espainiar Estatua (lehenbizi itzalaldia 2012an izango zela aurreikusita zeukaten, baina geroago Dekretua plazaratu zen, 2010eko apirilaren 3rako aldaketak bukatuta egon beharko duela dioena). Frantziar Estatuan, berriz, itzalaldia 2011ko azarorako dago aurreikusita. Baina beste batzuek, nahiz Europako herrialdeak izan, ez dute epemuga hori betetzeko gogorik: Errusiak itzalaldia 2015erako egitea aurreikusten du, eta Hungariak 2013rako, adibidez. Azkenik, Europatik kanpo epe hori betetzeko asmorik ez dute. Asian (Txinan eta Malaysian 2015ean, esaterako) edo Iberoamerikan (Perun 2020an eta Mexikon 2021ean) aipatutako epemuga luzeenetik at dabiltza beren aurreikuspenetan.

Seinale digitala egokitzeko xehetasun batzuk izan behar dira kontuan. Oraingo antena, analogikoa, alegia, auzokide-komunitateek egokitu behar dute. Horretarako enpresa instalatzaile ofizialen batekin harremanetan jarri behar da. Hauek zein diren jakiteko www.mityc.es helbidean begira daiteke. Bestalde, gai honetan kontuz ibili behar da; izan ere, datorren itzalaldia dela eta, kontuan izan behar da egokitze horietako asko legez kanpoko instalatzaileek egiten dituztela.

Seinale digitala airean zabaltzen da eta antenetara iristen da. Gure etxe gehienetan etxeko tresneria zaharra egokitu egin beharko dugu (egokitu ez badugu) seinale digitalarekin ikusi eta entzun ahal izateko. Horretarako, bide errazena deskodetzaile integratua daukan telebista digital berria erostea da. Horretan daukagun arazo handiena kostua da, prezioa nahiko garestia da eta.

Bestela, beste bide bat ere badago: etxean daukagun betiko telebistari kanpoko hargailu digitala jartzea (zer esanik ez, telebista bat baino gehiago badaukagu, bakoitzari deskodetzaile bat ipini beharko diogu). Deskodetzaile hauen kostua asko aldatu da, orain dela hiru urte 125 euro kostatzen ziren; orain, batez beste, 30 euro balio dute. Beraz, beherapena izugarria izan da. Dena dela, izan diren zailtasun ugariak direla eta, gure etxeetan jarritako hargailuen kopurua hasieran uste zena baino txikiagoa da; arazoak abenduan hasiko dira.

Hego Euskadiri dagokionez, asmoa etxe gehienetan itzalaldi analogikoa 2009aren bukaeran gauzatzea da. Hala ere, tresnak egoera berrira egokitzeko egin behar diren aldaketak askok ez dituzte egin. «Consumer Eroski»k argitaratu dituen datuen arabera, hemen etxeen %35 baino gutxiagok egin ditu egokitze-lanak. Horren ondorioa, besteak beste, etxe batzuetan abenduan telebistarik gabe egotea izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo