GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Garaioko parkean hegan, arin eta libre

Ez duzu inoiz hegan egitea desiratu, haize freskoa hartuz, arin eta libre? Ez pentsatu gauzatu ezineko ametsa denik. Arabako paraje eder batean, Garaioko parkean, ikasi dut edonork egin dezakeela, diru eta baliabide anitzen beharrik gabe.

Familia eta lagun talde ugari bildu da lakuaren ertzean, Lau Haizetara elkarteak antolatutako Kometen Nazioarteko Jaialdian, eta bi makil soilekin, oihal zatitxo batekin eta irudimen pixka batekin magia egin daitekeela erakutsi du. Haur txikiengandik hasi, eta xehetasun bat aldatu nahian orduak eta orduak ematen dituzten ingeniarienganaino, denetariko jendeak parte hartu du bestan, naturaren erdian, normalean inguratzen eta mugatzen gaituzten lau hormetatik urrun.

Antza denez, anitzentzat ezezagun samarra den kirol honen jatorria monje budistekin lotuta dago, kometak hegaldatuz eta haizea sentituz lortzen baitzuten horiek kontzentratzea eta meditatzea. Geroztik, hainbat funtzio izan dute kometek: errepikagailu gisa erabili dituzte, tenperatura edota tximistak neurtzeko, komunikatzeko, arrantzarako, baita ekintza militarretarako ere. Nasako transbordadoreak kometa bat irekitzen du.

Asko dira kometen erabilerak, eta asko dira hegan egiteko moduak. Barrundian, Gasteiztik hurbil egindako jaian, hari bakarreko kometa estatikoak ezagutzeko aukera eman dute, bi hariko kometa akrobatikoak ere bai, gidatu daitezkeen horiek; kite buggy triziklo txikiak; mountainboard patinete todoterrenoak; txalupa txiki baten antzeko belak dituzten karrobelak... Izan mendian lasai-lasai egoteko edo adrenalina eta emozioak kanporatzeko, Lau Haizetarako kideek azaltzen duten bezala, pertsona bakoitzak daukagu gure neurriko kometa bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo