GARA > Idatzia > Ekonomia

Secor enpresako langile bat hil da Abadiñon, lanean ari zela auto batek harrapatu duenean

GARA

44 urteko Lekeitioko auzokide bat hil zen atzo Abadiñon, auto batek harrapatuta. Hasieran trafiko istripu bat ematen zuen arren, CCOO sindikatuak arratsaldean azaldu zuen lan istripua izan zela, kotxeak harrapatu zuenean lanean ari baitzen Joseba A.E. Secor enpresako langilea.

Abadiñoko hirigunea eta Matiena auzoa lotzen dituen BI-3333 errepidean gertatu zen istripua, goizeko hamaikak aldera. Une horretan, hurbil dagoen enpresa batera material bila zihoan langilea ibilgailu batek harrapatu zuen eta zauri larriak izan zituen buruan.

Larrialdietako zerbitzuak, anbulantziak eta Osakidetzako helikoptero bat laster bertaratu ziren, baina ezin izan zuten lekeitiarra bere onera ekarri, eta haren heriotzaren berri eman baino ezin izan zuten egin.

CCOO sindikatuak, prentsa ohar batean, gogora ekarri zuen Secor enpresan beste langile bat hil zela iragan irailaren 9an, eta nabarmendu zuen industrialdeen inguruko trafikoa kontrolatzea enpresek egin behar duten eginbeharretako bat dela. Izan ere, salatu zuenez, halako istripuak ugaritu dira azken hileetan.

Dagoeneko 72 langile hil dira aurten lan istripuetan Euskal Herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo