GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Bizkaiko binakako finala

Atutxatarrek besteen gainetik jarraitzen dute

Txapeldunek ez zuten izan aparteko eragozpenik garaipena erdiesteko, eta lehen enborretik erakutsi zuten beraiek zirela finaleko bikorik onena.

p038_f01_83073.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Bizkaian Aitzol Atutxa gainerako aizkolarien gainetik dago, eta hori berriro ere berretsi egin da herrialdeko binakako txapelketan. Izan ere, Aitzolek aitarekin batera jantzi zuen txapela herenegun Basaurin jokatu zen finalean; minutu eta erdiko aldea kendu zieten bigarren sailkatuei.

Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen, eta hor atutxatarrak jaun eta jabe izan ziren. Beraiek ziren irabazteko faborito, eta ez zuten hutsik egin. Amaieran tarte dezentea atera eta aise jantzi zuten txapela. Bigarren posturako ere ez zen aparteko emoziorik egon, Larreak eta Aldapek postu hori hartu eta aparteko eragozpenik gabe eutsi baitzioten.

Hortik atzera, bai hirugarren posturako, baita bosgarren posturako ere, lehia handia izan zen, eta hortxe egon zen txapelketako emozio bakarra. Izan ere, aurrez aipatu bezala, lehen bi postuetarako ez zen aparteko lehiarik egon.

Trontza

Bizkaiko trontzalarien finala ere jokatu zen Basaurin bertan, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan ere, eta azken honetan egon zen ezustea. Etxebarria-Etxebarria ziren irabazteko faboritoak, baina azkenean garaipena ez zen beraientzat izan, Baier eta Larrañagak lortu baitzuten txapela. Maila honetan, biko bakoitzak sei epai eman zizkion kana-erdikoari eta bi 60 ontzakoari. Epai guztiak enborra etzanda jarrita egin zituzten. Hasieran gauzak nahikoa estu izan baziren ere, probak aurrera egin ahala, garaileak tartea zabaltzen joan ziren, eta amaieran txapela jantzi zuten.

Gizonezkoetan ez zen inongo ezusterik egon, eta Intxaurbe-Olibaresek lortu zuten garaipena, eta oso erraz, gainera, bigarren sailkatu ziren Arana anaiei ia bi minutuko aldea kendu baitzieten. Azken postuan amaitu zuten Arbero eta Pujanari, aldiz, ia sei minutuko aldea kendu zieten. Emoziorik ez zen egon, berehala aitzineratu baitziren txapeldunak; hala, hasieran tartea egin ostean, garaipen oso erosoa lortu zuten. Bigarren posturako ere ez zen emoziorik izan, tarteak berehala egin baitziren.

Gallartak ezustea eman eta Euskal Herriko harri zulatzaileen txapela eraman du

Txorierri eta Jaizubia agertzen ziren Euskal Herriko harri zulatzaileen finala irabazteko faborito bezala, baina ez batak ez besteak ez dute garaipenik erdietsi eta Gallartak eraman du txapela.

Irabazleek, gainera, oso marka ona egin zuten, 19 zulo eta 48 zentimetro egin baitzituzten. Kabiezes izan zen bigarren 18 zulo eta 75 zentimetrorekin, eta Txorierri hirugarren 15 zulo eta 74 zentimetrorekin. Laugarren postua Jaizubiarentzat izan zen, 39 zentimetro gutxiagorekin. Hortik atzera, berriz, Burdin Gazteak, 15 zulo pasatxorekin, Altzo, 15 zulorekin, Errekatxo, 13 zulo pasatxorekin, eta KZ, 4 zulo pasarekin, sailkatu ziren.

Alde handiak

Binakako finalean, eta zuten lana kontutan hartuta, egon ziren aldeak handiak izan ziren. Atutxatarrak izan ziren onenak, baina hiru minututik gorako aldea kendu zieten azkenei, eta hori tarte handiegia da honelako lan batean.

Emozioa, atzean

Lehen posturako ez zen inongo emoziorik izan, ez eta bigarren posturako ere, baina bai hirugarren eta bosgarren posturako, hortik aurrera egon ziren aldeak ez baitziren oso handiak izan. Horrek eutsi zion finaleko giroari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo