Opel Magnari saltzeko akordioa aste honetan sina lezakete
GARA |
General Motors automobil-talde estatubatuarreko kontseilari ordezkari Fritz Hendersonek atzo iragarri zuenez, Opel taldean partaidetza nagusia Magna taldeari emango liokeen salmenta akordioa ziurrenik aste honetan sinatuko dute. «Litekeena da agiriak aste honetan sinatzea», esan zuen Hendersonek. Duela egun gutxi, Opeleko enpresa batzordeko lehendakari Klaus Franzek ere iragarri zuen aste honetan izenpetuko zutela akordioa.
Bestalde, Henderson Txinan da egunotan, eta bertatik, prentsa agerraldian, adierazi zuen Txinako automobil-merkatuaren hazkundeak etorkizunean erritmo bizia izaten jarraituko duela. Multinazional estatubatuarraren salmentak %55,6 handitu dira aurtengo lehen bederatzi hileetan, taldearen aurreikuspenak gaindituz.