Militantzia politikoa epaituko dutela salatu dute Lea-Artibaiko auzipetuek
«Segi gazte erakundeko kide izatea» egotzita auzipetuta dauden Lea-Artibaiko zortzi gazteen aurkako epaiketa hasi zen atzo Auzitegi Nazional espainolean. Euren «militantzia politikoagatik» epaitu behar dituztela salatu zuten gazteek epailearen aurrean, kamiseta gorriak soinean zituztela. Euskal Herrian, bestalde, hainbat izan ziren gazteon epaiketa salatzeko asmoz egindako protesta ekintzak.
GARA
Atzo goizean hasi zuten Auzitegi Nazional espainolean «Segiko kide» izateagatik auzipeturik diren Lea-Artibaiko zortzi gazteen aurkako epaiketa. Madrileko Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi «erakunde terroristatzat» jo zituenetik, akusazio horren pean epaitutako lehen gazteak dira honakoak, eta fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du eurentzat. «Segiko kide» izateaz gain, kale borrokako hainbat ekintzetan parte hartzea ere leporatu diete gazteei, beraz, aurrerago berriro eseri beharko dira epailearen aurrean, banan-banan, ustezko kale ekintza bakoitzaren epaiketan.
Atzoko epaiketan fiskalaren galderei erantzuteari uko egin zioten auzipetuek; euren abokatuek eginiko galderei erantzunez, berriz, adierazi zuten Polizia espainolaren eskuetan inkomunikaturik egondako egunetan egindako deklarazioak torturapean eta mehatxupean egin zituztela. Fiskalaren galderak erantzungo ote zituzten galdetu zietenean, bestalde, euren militantzia politikoagatik epaituak izaten ari direla salatu zuten gazteek. Epaileak orduan, isiltzeko agindu zien, eta gazteetako batek GARAri adierazi zioenez, itzultzaileari ere ez jarraitzeko agindua eman zioten. Galderak erantzungo ote zituzten jakin nahi zuela argitu zien epaileak, arrazoirik aditu gabe.
Epaiketaren lehen egunean, lekuko gisa deklaratu zuen Bilboko Lurralde Informazio Brigadako komisario nagusiak. Etzi defentsak aurkeztutako lekukoen txanda izango da, aldaketarik izan ezean.
Era berean, Lea-Artibaiko polizia sarekadan atxiloturiko gazte hauek epaitzeko erabilitako prozedura bera errepikatu dute Donostian, Oarsoaldean edota Iruñerrian atxiloturiko gazteen aurka.
Estebe Gaindiaga, Urko Pagoaga, Ainhoa Pagoaga, Eneko Ostolaza, Borja Oregi, Iban Etxebarria, Eneko Etxaburua eta Zaloa Zenarruzabeitia 2008ko urtarrilaren 23an atxilotu zituen Polizia espainolak, eta horietako sei espetxean daude ordutik. Atxilotze operazioan, gazteen etxebizitzak miatu zituzten, baita lokal bat eta Markinako Herriko Taberna ere; bertatik kartelak eta pegatinak eraman zituzten. Herri horretako gaztetxea ere miatu zuten poliziek, baina, inguruko bizilagunek orduan argitu zutenez, lokalean konpontze-lanak egiten ari ziren.
Miaketetan atzemandakoa
Gazteen aurkako epaiketan, beraz, miaketetan atzemandako pegatina, kamiseta, kartel eta musika CDak erabiliko dituzte gazteak «Segiko kide» zirela erakusteko frogatzat, baita oraindik epaitu gabeko kale borroka ekintza batzuetan gazte horien ustezko parte-hartzea frogatzeko ere. Bestalde, atxilotu eta ondorengo egunetan, komisarian inkomunikaturik eman zituzten egunetan egindako autoinkulpazioak ere epaiketako froga izango dira, nahiz eta auzipetuek salatu zuten atxilotu eta inkomunikatuta izan zituzten egunetan torturatuak izan zirela.
Bien bitartean, Euskal Herrian gazteen aurkako epaiketa salatzeko dozenaka lagun elkartu ziren atzo. Donostia, Bilbo, Iruñea eta Gasteizko epaitegien atarietan azken bi urteotan izandako 16 polizia operazioetan, Euskal Herri osoko 19 eta 25 urte bitarteko 123 gazte atxilotu izana salatu zuten. Gurasoak erakundeko kideetako baten hitzetan, «horietatik 91 kartzelan daude egun, eta 69k torturak salatu dituzte».
Azken urteotako «gazteen aurkako errepresio politika» salatu zuten. Bestalde, «hedabideek errugabetasun printzipioa ahazten dute, eta gure seme-alabak erredun bailiran aurkezten dituzte gizartearen aurrean», gaineratu zuten.
Era berean, atxilotuen senitarteko eta lagunek azaldu zutenez, «Auzitegi Nazionalak terroristatzat jotzen duen Segi erakundeko parte hartzeaz gain, hainbat kale borroka ekintza leporatzen dizkiete, guztiak torturapean eginiko deklarazioak oinarri harturik». Hala, Fiskaltzaren helburu bakarra akusazioak eta zigorrak gehitzen joatea dela salatu zuten.
Gurasoak elkartekoek gaineratu zutenez, «Nazio Batuen Erakundeko kontalariek Estatu espainolari egin dizkioten gomendioak kontuan hartu gabe, tortura inpunitate osoz aplikatzen dute, eta komisarian inkomunikaturik eta mehatxupean egindako deklarazioak Auzitegi Nazionalean kontuan hartzen dituzte froga gisa». Horregatik, gisa honetako epaiketa gehiagorik ez egiteko eskatu zuten.
Madrilgo Auzitegi Nazionalean Lea-Artibaiko zortzi gazteren aurka gaur hasitako epaiketak «independentismoaren aldeko borrokan diharduen gazte oro epaitzea» duela helburu salatu zuten atzo Mondragon Unibertsitateak Eskoriatzan duen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Goizean eginiko agerraldian azaldu zutenez, «Euskal Herriaren askatasun bidean, euskal gazteriak ongi ezagutu ditu etsaiaren erasoaldi ezberdinak: atxiloketak, torturak, mehatxuak...». Hala, «garai bakoitzean izen ezberdinez ezagutu baditugu ere, guztiek helburu berdina izan dute, hain zuzen ere, askapen borrokaren motorra suntsitzea eta gazteria eraldatzailea suntsitzea» zioten. Horren harira, elkartasuna adierazi nahi izan zieten zortzi gazteei, eta bereziki HUHEZIko ikasle zen Iban Etxeberriari.
Horrela, epaiketak iraun bitartean Unibertsitatean bertan itxialdi eta gose greba bati hasiera emango diotela adierazi zuten. Era berean, egunero 11.00etan zein 15.00etan elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri zuten, eta ikasle guztiei bertaratzeko gonbidapena egin zieten. GARA