GARA > Idatzia > Kirolak> Real Unión

BIGARREN MAILA

Abasoloren ustez, «pena» izan zen Betisen aurka garaipenik ez lortzea

GARA | IRUN

Paul Abasolo Real Unioneko jokalaria protagonista bihurtu da azken bi partidetan, futbol-zelaian maila handia eskaini eta Castelloren eta Betisen aurka bi gol sartu baititu bizkaitarrak.

Iragan igandean Sevillan jokatutako neurketan irundarrek berdinketa lortu zuten (1-1), baina erdilariak hiru puntuak ez lortzea «pena» izan zela adierazi zuen atzo. Izan ere, bigarren zatian Unioneko jokalariak «nagusitasuna» eduki zutela azpimarratu zuen Abasolok.

Iñaki Alonsoren taldeak bazekien Ruiz de Lopera zelaian punturen bat lortzea oso zaila izango zela, baina, nahiz eta garaipenik ez lortu, partidak «oso zapore ona» utzi die jokalariei; Abasoloren ustez, «egindako joko ona dela-eta».

Bere egoeraz galdetuta, honakoa aipatu zuen durangarrak: «Hasiera batean kostatu egin zitzaidan mailara egokitzea, baina gero eta hobeto sentitzen ari naiz. Gainera, golek konfiantza handia eman didate». Hala, datozen neurketetan «maila berean» jarraitu nahi du, eta «taldeak norabide egokian jarrai dezan laguntza ematea» du xede.

Larunbatean sei punturekin azken-aurrekoa den Villarreal B taldea edukiko dute arerio irundarrek Galen; beraz, «bost puntura aldentzeko garaipena lortzea oso garrantzitsua izango da», azpimarratu zuen Abasolok. «Badakigu gure mugak ditugula eta gu baino aurrekontu askoz ere handiagoak dituzten taldeak daudela, baina, apaltasunez jokatuz, partidaz partida puntuak pilatzen joatea izan behar dugu xede lehenbailehen gure helburua lortzeko», amaitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo