GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondarribiko aireportuaren harira, legea bete beharrekoa dela dio Europar Batasunak

Europe Ecologie-ko eurodiputatutak Hondarribiko aireportua handitzearekin duen desadostasuna azaldu du Europar Batasunean. Proiektua ingurumenaren aurkako «erasoa» dela salatu du. «Lege esparrua badago, eta bete egin behar da», jaso du erantzun gisa.

ceann_comharle.jpg

GARA

Orain bi aste eskas Kanetako portuan egindako agerraldian iragarri zuen moduan, Europe Ecologie-ko zerrendan hautaturiko Catherine Greze eurodiputatu frantsesak Hondarribiko aireportua handitzeko egitasmoa Europar Batasuneko Eskualdeetako Batzordera eraman du.

Salatu duenez, Madrilek eta Gasteizek aireportua handitzeko egin duten proiektuak «akats larriak» ditu, batetik europar inbertsioak, eta bestetik nazioarteko nahiz tokian tokiko akordioak ez dituelako aintzat hartzen.

Nabarmendu zuenez, aurretik Hondarribian burututako beste proiektu batzuen aurka eragiten du: «Hondarribia Natura 2000 Sareko eremua da, Europako hainbat dirulaguntzari esker, eta inguruko herrien eskakizunei esker. Eta orain, paradoxikoa dirudien arren, herri berberek eskatu dute aireportua handitzeko, hain zuzen ere, portuan eta Natura 2000 Sareak babestutako inguruetan kalteak eragingo baditu ere».

Grezek salatu zuen, halaber, aurkeztutako proiektuak ez duela aintzat hartu 30 kilometrora Biarritzeko aireportua dagoela -«daukan ahalmenaren azpitik erabilia»- edota 80 kilometrora Bilbokoa dagoela, eta ingurumenaren aldeko irizpideak alderdi ekonomikoen «itzaletan» gelditzen direla askotan. Bide batez gogorarazi zuen Natura 2000 Sarearen eta Europako zuzentarauen aurka egiten duela Hondarribiko proiektuak.

Dirulaguntzetan lehentasuna

Grezek Batzordean azaldu zuenez, egiturazko dirulaguntzak emateko orduan, lehentasuna izan behar dute ingurumen eta klimaren alde lan egiten duten herrialdeek. «Iraunkortasun irizpideekin lan egitea ezinbestekoa da, mundu mailako berotzea kontuan hartuta», gehitu zuen.

Europe Ecologie-ko eurodiputatuak erantzuna eskatu zien Eskualdeetako Batzordeko presidenteari eta Eskualde Politikako Batzordeko presidenteari, eta atzo Berdeek jakitera eman zutenez, gai hauen gaineko lege esparrua badagoela eta hori dela bete beharrekoa erantzun diote haiek.

Greze orain bi aste izan zen Kanetako portuan eta Hendaiako alkate, Jean-Baptiste Salaberri, eta Bidasoa alde bietako Berdeak indarraren ordezkariekin batera egin zuen agerraldia. Bertan iragarri zuen gaia Europar Batasunera eramateko asmoa.

lehentasuna

Egiturazko dirulaguntzak banatzeko orduan, ingurumena eta klima babesten duten herrialdeei lehentasuna ematea proposatu zuten Berdeek. Hala, laguntzen %40 proiektu iraunkorretara bideratu beharko lituzkete.

kontraesana

Hondarribia Natura 2000 Sareko eremu babestua izanik, kontraesantzat jo zuten sare horretan sartzeko eskatu zuen herri berak «beharrezkoa» ez den proiektu hori bultzatzea, aintzat hartu gabe, ingurumenaren gaineko kalteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo