ANTZERKIA
Latinoamerikarrak, bertako eskaintza... den-dena antzerki jaialdien garaian
Udazkenak uzta berria dakar, batez ere arte eszenikoetan. Asteburu honetan, esaterako, lau jaialdi burutzen ari dira gurean, eta laurak oso mota desberdinetakoak. Garrantzitsuena, nazioarte mailako pisuzko taldeak batzen dituelako, Gasteizkoa dugu. Asteburu honetan Carmelo Gomezek eta Silvia Abascalek antzezten duten “Días de vino y rosas” lana izango da arabar hiriburuko jaialdiko protagonista nagusia (Iruñeko Gayarre antzokian ikusgai izango da ondoren). Getxoko jardunaldi beteranoak (27. edizio bete dute dagoeneko) euskal antzerkia du ardatz nagusi, bertako ekoizpena biltzen duelako. Pasaian euskal talde ugariren lanak ere programatu dituzte, bertako jaialdian, umorea helburu nagusi delarik. Eta Baionan, asteburuan, Les Translatines aurtengo lehen urratsak ematen hasiko da, egitarau «paralelo» batekin (bertsoak, erakusketak...), gero, astelehenetik aurrera emango baitu bere onena.